Gaur egungo txapeldunak pauso irmoa emanaz egin du aurrera abiarazi berria den Arabako Bertsolari Txapelketan. 269 puntu bilduta, lehiako lehenbiziko kanporaketan garaile izan da Aroa Arrizubieta, eta, hala, zuzenean eskuratu du finalaurrekoetarako sailkatzeko pasea. Oiongo Bazterra aretoan harekin batera kantatu duten beste bost bertsolariak sailkapenari so izan beharko dira gaur-gaurkoz, zain, puntuazio orokorraren arabera erabakiko baita nork eginen duen hurrengo fasera salto. Arrizubietak, aldiz, zehaztua du hurrengo geldialdia: Dulantziko finalerdian arituko da, martxoaren 7an.
Oionen, Martin Abarrategik egin du bigarren, 256 puntu eskuratuta, eta Iñaki Viñasprerena izan da hirugarren postua, 249 bilduta. Haien atzetik sailkatu dira Sabin Abarrategi (243,5), Unai Anda (238,5) eta Felipe Zelaieta (222,5).
Arabako Bertsolari Txapelketaren aurtengo aldiak hiru saio izanen ditu lehenbiziko fasean, eta igande honetan eginen dute bigarren kanporaketa, hain justu. Laudion eginen dute, eta bertsolari hauek ariko dira kantuan, Irati Martinez gai jartzaile dutela: Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa, Ekaitz Samaniego, Hegoi Amabizka, Manu Bendala eta Peru Abarrategi. Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da martxoaren 14an Aramaion eginen den finalaurrekorako, eta besteek azken kanporaketan zer gertatuko zain gelditu beharko dute. Izarran eginen dute hori, martxoaren 21ean.