GKSk artea eta memoria uztartu ditu Martxoaren 3aren urteurrenerako

Programa zabal baten barruan, ‘M3. Borroka ez da eten’ izeneko fanzinea aurkeztu dute, Martxoaren 3a bizi izan zuten idazleen eta gaur egungo gazte militanteen testuak uztartuz. Otsailean eta martxoan ekitaldiak egingo dituzte urtemuga oroitzeko.

Gasteizko GKSko kideak, fanzinearen ale bana eskuan, gaurko aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
GKSko Irati Fernandez de Okariz eta Aratz Fernandez de Pinedo, fanzinearen ale bana eskuan, gaurko aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 12a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araban eta Gasteizen presentzia duten erakunde eta elkarte ia guztiek azaldu dute asmoa dutela Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena ekitaldi bereziekin gogoratzeko, eta Gasteizko GKS ez da salbuespena izan. Aurreko urrian abiatu zuten Borroka ez da eten izeneko kanpaina, Gasteizko auzoetan duela mende erdiko gertakariei buruzko solasaldiak eginez, eta urteurrenari begira asanbladak eta batzordeak sortu dituzte hiriko sei auzotan, «garai bateko borrokaren oroimenarekin gaurko militantzia pizteko». Aurten, berriz, memoria kultura eta artearekin lotu nahi izan dute, eta gaur aurkeztu dute, horren erakusgarri, M3. Borroka ez da eten izenbura daraman fanzinea, datozen asteetarako ekitaldi sorta zabala iragartzearekin batera.

GKSko Aratz Fernandez de Pinedok azaldu duenez, «biktimen memoriaren despolitizazioa» nabaritu dute, eta «hildakoen memoriaz harago, haien borrokaren oroimena» sustatu nahi dute bultzatuko duten ekitaldi eta proiektu sortarekin. Asmo horrekin ekoitzi dute aipaturiko fanzinea. Liburuxkak 1976ko gertakariak bizi izan zituztenen testigantzak biltzen ditu, gazte militanteek gaiaren inguruan idatzitako testuekin batera, belaunaldien arteko lotura osatuz.

Euskarazko eta gaztelerazko testuak biltzen ditu antologiak, formatu askotan: oroitzapenak, kontakizun laburrak, olerkiak, bertso idatziak... Egileen zerrenda ere askotarikoa da. Bada kulturaren munduan ibilbidea izan duenik, zahar zein gazte, Xabier Montoia idazlea edo Maddi Sarasua bertsolari eta olerkari lapurtarra, kasurako; baina haien testuak garai hartako eta gaur egungo militante eta biktimen oroitzapen eta gogoetekin nahasten dira, memoriaren bidetik gaur egungo eta iraganeko borrokak lotu nahi dituen mosaikoa osatuz. Izan ere, beste erakunde politiko batzuek egin nahi izan duten bezala, GKSkoek ere beren borrokarekin lotu nahi izan dute Martxoaren 3ko langileen «borroka iraultzailea».

Ekitaldi andana

Horretarako, ekitaldi eta proiektu ugari dauzkate aurreikusita datorren asteetarako, urteurren handira iritsi arte. Horietako lehena, ostiral honetan bertan: aipaturiko fanzinearen errezital musikatua egingo dute Gasteizko Liburutopian. Otsailaren 20an, berriz, Martxoaren 3ko hainbat biktimarekin solasaldia egingo dute, haien esperientzia plazara dezaten, eta hurrengo ostiralean, otsailaren 27an, Ekidak, GKSrekin lotura duen mugimendu artistikoak, Urrunetik gatoz izeneko kontzertua joko du. Abenduan Durangon aurkeztu zuten proiektu horretan, trantsizio garaiko eta egungo kanta antifaxistak abestuko dituzte, «faxismoaren aurka egiteko, atzo bezala gaur».

Ekitaldi horiek guztiek aurtengo martxoaren 3an izango dute gailurra, egun horretarako GKSk eta gertuko erakundeek hiru mobilizazio handi deitu baitituzte. Goizean, Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), GKSren ildoko ikasle sindikatuak, mobilizaziora deitu du Andre Maria Zuriaren plazan, 11:30ean. Ikama sindikatuak ere deitua du grebara, baina bi erakundeek ez dute bat egin, 12:00etarako Elurretan baitago deituta Ikamaren mobilizazioa. Ikasle mobilizazioaren ostean, biktimei omenaldia eta lore eskaintza egiteko asmoa dute. Bukatzeko, GKS eta inguruko erakundeak «bloke sozialista» osatuz mobilizatuko dira arratsaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.