Artziniegako Udalak (Araba) bere ibilbide turistiko murgiltzaile berria aurkeztu du, herriko gune garrantzitsuenak sakelako telefonoaren bidez esploratzeko aukera emateko. Arabako Foru Aldundiko Turismo Sailaren laguntzarekin finantzatu dute proiektua. Aplikazio berria aurrera eramateko, Abakando XR enpresa espezializatuarekin lankidetzan aritu da udala. Barakaldokoa da enpresa, eta Abakando Tours izeneko plataforma garatu du. Bertan egongo da eskuragarri udalerriaren bisita birtuala.
Bisitariek eta herritarrek monumentu eta txoko enblematikoenak ezagutzeko duten modua eraldatzea da aplikazioaren helburua, elkarreragina sustatzeaz gain. Momentuz, erabiltzaileek 360° formatuko murgiltze esperientzietara jo ahal izango dute, eskaneatze digitalaren bitartez. Laster, aplikazioak errealitate areagotuko funtzioa izango du, bisitaria «istorioaren protagonista» bihurtzeko.
Plataforman, herriko toki garrantzitsuenak ageri dira bisualki irudikatuta, bideojokoek dauzkaten grafikoen antzera. Puntu esanguratsu bakoitzak azalpen zehatz eta interaktiboak ematen ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Ibilbideak udalerriko ondarearen zazpi mugarri nagusiak hartzen ditu: Arteko santutegia, Ortiz de Molinillo eta Belaskoren dorrea, Goiko plaza, Agustindarren komentua, Jasokundeko Andre Mariaren parrokia, sutegia eta museo etnografikoa.
Bertara joatea, ezinbestekoa
Esperientziaz gozatzeko, fisikoki Artziniegan egon behar da. Gainera, aplikazioak ibilbidea bi modutan egiteko aukera ematen du: bisita gidatu orientatu baten bitartez — aplikazioak erabiltzaileei une oro ibilbidearen jarraibideak emanez— edo modu librean, bisitari bakoitzak hiribildua bere erritmoan miatuz.Â
Abakando Tours doako aplikazioa eta Artziniegako ibilbiderako sarbidea datozen egunetan eskuragarri egotea espero da iOS gailuetan, Androiden, App Storen eta Google Playn. Proiektuaren bitartez, udalak «urrats sendo bat» egin du bere eskaintza turistikoaren digitalizazioan, herriaren «ondare kultural baliotsua» kontserbazioaren eta dibulgazioaren zerbitzura jarriz.