Asilo eskatzaileentzako osasun-aholkularitza zerbitzu bat jarri dute martxan Gasteizen

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatu du zerbitzua, «hainbat osasun langilerekin» elkarlanean. Errefuxiatuei «osasun arloko orientazioa eta laguntza» eskaintzea dute xede. Gaur egingo dute lehen saioa, eta 16an bigarrena.

Sindikatuko kideak, atzo Gasteizen egindako agerraldian. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Sindikatuko kideak, atzo Gasteizen egindako agerraldian. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 2a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete ugari daramatza asilo eskatzaile frankok Gasteizen kalean lo egiten, iristen ez den hitzordu baten zain. Espainiako Poliziak Salburuan duen komisarian ez dago, ordea, asiloa tramitatzeko hitzordurik. Bizkitartean, kale gorrian bizi diren errefuxiatu horien egoera arintzeko, haien alde lanean dihardute zenbait auzotarrek eta kolektibok. Horien artean dago Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, eta atzo aurkeztu zuten asilo eskatzaile horien alde antolatu duten azken egitasmoa, «hainbat osasun langilerekin» elkarlanean: «osasun aholkularitzako» zerbitzu bat.

Hain zuzen ere, egoera irregularrean daudenez hitzordua lortu eta asilo eskaera abiatu arte, pertsona horiek zailtasun handiak dituzte osasun arreta ematen duten zerbitzuetara iristeko. «Hiru hilabete EAEn erroldatuta egotea da baldintza, eta haiek ez dute betetzen. Larrialdi egoeretan bakarrik artatzen dituzte, eta ez beti», azaldu zuten sindikatukoek atzo, Arabako hiriburuan egindako agerraldi batean. Egoera zail hori ikusita, «osasun arloko orientazioa eta laguntza» ematea izango da aholkularitza zerbitzu horren xedea. Gaur egingo dute lehen saioa, eta hilaren 16an izango da bigarrena.

Erakundeen «utzikeria»

Asilo eskatzaileen egoera «larri» horren erantzulea erakundeen «utzikeria» dela salatu dute etxebizitza sindikatukoek. Haien aburuz, instituzioen erantzuna «hutsaren hurrengoa» izan da asilo eskatzaileen egoera makurra salatzen hasi zirenetik. «Egiturazko arazoa» dela azpimarratu dute. «Utzikeria» horri aurre egitea du helburu, beraz, osasun-aholkularitza zerbitzu berriak, errefuxiatuei «oinarrizko arreta» bermatzeko. 

Etxebizitza sindikatuak antolaturiko elkartasun egitasmoen artean azkena da hori. Bestelako baliabideak eta laguntza ere eskaintzen dizkiete asilo eskatzaileei. Tartean, hogei bat boluntariok gaztelania eskolak ematen dizkiete errefuxiatuei astero. Izan ere, kalean bizi diren horien beharrak handiak dira, eta egoera larriagotu baino ez da egin aste honetan, Salburuko Harrera Sareak salatu legez, 50 errefuxiatu inguru berriro ere kale gorrian geratu baitira.

Gasteizko bi parrokiatan egiten zuten lo horiek, Elizbarrutiarekin egindako akordio bat zela medio, baina, behin akordio hori iraungita, ez da berritu, eta berriro ere kalean geratu dira asilo eskatzaileak. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere salatu du egoera hori, eta elkartasuna adierazi die asilo eskatzaileei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE