Arabako esku hartze sozialaren sektoreko langileek grebara jo zuten otsailean. ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek bultzaturiko mobilizazioetan, lan baldintzak hobetzeko eta negoziatzeko benetako borondatea erakusteko eskatu zioten AISA patronalari, egindako azken akordio proposamena «aurrekoa baino okerragoa» zelakoan. Gaur bildu da berriro sektoreko negoziazio mahaia, eta sindikatuek ez dute aldaketarik ikusi patronalaren jarreran.
Hain justu, «langileen baldintzak hobetzeko inolako borondaterik» ez izatea leporatu diote AISAri, eta patronalak beste akordio eskaintzarik ez egin izana deitoratu dute. Hortaz, negoziazioetan aurrerapenik ikusten ez dutenez, martxoaren 18rako deituta zeukaten greba eguna mantentzea erabaki dute sindikatuek.
«Administrazioen inplikazio falta» ere deitoratu dute sindikatuek. Izan ere, gogorarazi dute ezen, sektoreko zerbitzu asko azpikontratatutako langileek ematen badituzte ere, «titulartasun publikoko» zerbitzua dela, eta erakundeek ezarri duten «eredu pribatizatzaileak» langileen lan baldintzak kaskartzea dakarrela. Beraz, Arabako erakundeak egoeraren «erantzule» direla uste dute sindikatuek, eta negoziazioetan gehiago inplikatzeko eskatu diete. Sektore publikoko langileekin «parekatzea» da sindikatuen aldarrikapen nagusia, azpikontrata baten bidez lan egiten duen sektoreko behargin batek langile publikoek baino gutxiago kobratzen baitu zerbitzu bera emateagatik.