Urte berriarekin batera hasi ziren Araban esku hartze sozialeko langileen mobilizazioak. Urtarrilean, greba egunak iragarri zituzten hilabete horretarako eta otsailerako, sektorearen «prekarizazioa» salatu eta lan baldintza «duinak» bermatuko dituen hitzarmen kolektiboa eskatzeko. Hasieratik, sektorean azpikontratatuta aritzen diren langileen «ekiparazioa» izan dute aldarri nagusia. Izan ere, enpresa pribatuen bitartez azpikontrataturiko sektoreko beharginek langile publikoek baino %35 gutxiago kobratzen dute, batez beste. Sektoreko patronalak, ordea, entzungor egin die langileen aldarrikapenei, eta otsailean patronalak proposaturiko akordioari uko egin zioten sindikatuek. Gaur egin dute agerraldia ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek, Gasteizen, hainbat eragileren sostenguarekin, patronalaren «xantaia» salatzeko. Iragarri dute mobilizatzen jarraituko dutela eta martxoaren 18an sektoreak grebara joko duela.
Gasteizko EAJren egoitzaren aurrean bildu dira sektoreko langileak eta sindikatuen ordezkariak. Baldintza hobeak eta «ekiparazioa» eskatzen zuten kartelen atzean, Zaintza Araba, Pentsionistak Araba eta Gasteizko Mugimendu Feministako kideak ere egon dira, sektoreko langileen aldarrikapenekin bat egin baitute kolektibo horiek. Ehun bat pertsona bildu dituen agerraldian, bafleek Lluis Llachen L'estaca jotzen zuten bitartean, Aisa sektoreko patronalak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko «inolako borondaterik ez duela» salatu dute ESK-ko Jabier Saenzek eta CCOOko Pedro Dominguezek. Izan ere, otsailean jaso zuten eskaintza 2025eko negoziazioetan egindakoak baino «kaskarragoa» da, ordezkarien esanetan.
Proposamen «askoz okerragoa»
Proposamenak «modu onartezinean» okertzen ditu aurreko urtean eskainitako baldintzak, Saenzen arabera. Azaldu duenez, 2025eko uztailean Aisak egindako akordio proposamenak soldatak %3,6 igotzea jasotzen zuen 2025erako, eta hurrengo lau urteetan soldatak %11,6 emendatzea ere aurreikusten zuen. Aurtengo otsailean patronalak egindako eskaintzak, berriz, ez du jasotzen 2025erako igoera hura, eta datozen lau urteetako soldaten hazkundea %10,5era jaitsi du. Lanaldiaren laburtzea ere aurreko proposamenetan baino murritzagoa da, ordezkariek salatu dutenez.
Hori dela eta, greba eta mobilizazioekin jarraitzea «beste biderik» ez zaie geratzen, Dominguezek salatu duenez. Bide horretan, martxoaren 11n egingo den negoziazio mahai berrirako presio egite aldera, greba egunera deitu dute sektorean, martxoaren 18an, hain zuzen ere. Aurreko grebek «erantzun nabarmena» izan dutela nabarmendu dute sindikatuetako ordezkariek, eta datorren mobilizazio egunerako sektore publikoko ordezkaritza sindikalak eta aipaturiko kolektiboek emandako babesa nabarmendu dute, 17ko greba orokorrarekin bat egingo duen martxoaren 18ko grebak «oihartzun handia» izango duela iragartzeko.
Pribatizazioa eta prekarizazioa
Aurtengo mobilizazioen atzean sektorearen pribatizazioa eta prekarizazioa daude, biak ere «aspaldikoak». Saenzek azpimarratu du esku hartze sozialeko jarduerak zerbitzu publikoak direla «oso-osorik», baina instituzioek zerbitzu horiek «gero eta gehiago pribatizatzen» dituztela, enpresen irabazien mesedetan eta zerbitzu publikoaren kalitatearen kaltetan. Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari dei zuzena egin diete gaur sindikatuek, joera pribatizatzaile horren «erantzule» direla uste baitute. Egun, mila langiletik gora daude azpikontratatua sektorean, Arabako lurraldean soilik.
Pribatizazio hori beti «langileen prekarizazioarekin» bat datorrela ere salatu dute ordezkariek. Izan ere, zerbitzu horien kostuak murrizten badira, langileen balditzen kaltetan murrizten dira, Saenzen hitzetan. Joera horri aurre egiteko eta lan hitzarmen duina lortzeko, borrokan jarraituko dutela adierazi dute sindikatuek. Oraingoz, ez dirudi akordioa hurbil denik, patronalak hilaren 11ko negoziazio mahaian hartuko duen jarrera ikusteko badago ere. «Pilota patronalaren teilatuan dago», laburbildu dute egoera sindikatuek.