Pregoilariari iritsi zitzaion lehenik txanda, eta txupinazoa jaurtiko dutenen izenei iritsi zaie orain ordua. Gaur argitu du «misterio» hori Beatriz Artolazabalek, Gasteizeko alkateordeak: Saski Baskonia saskibaloi taldeak eta haren zaleek piztuko dute 2026ko Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emango dien suziria. EAJren udal taldeari zegokion aurten aukeratzea.
Paolo Galbiati entrenatzaile italiarrak eta Tadas Sedekerskis jokalari lituaniarrak ordezkatu dute taldea gaurko ekitaldian. Galbiatiren esanetan, «11 hilabete soilik hemen egon ostean, Baskoniak gasteiztarrentzako hain garrantzitsua den festa bat abiatzeko aukera ematea ikaragarria da, egia bihurtutako ametsa». Hala ere, ez dago argi Galbiatik berak ordezkatuko ote duen kluba abuztuan, Baskoniaren entrenatzailea izaten jarraituko duen ere ez baitago argi.
Ziurragotzat ematen da Tadas Sedekerskis bera izango dela Zeledoni jaisteko agindua emango dion txupinazoa jaurtiko duena. 13 urte daramatza lituaniarrak Gasteizen, kadetea zenetik, eta «beste gasteiztar bat gehiago» sentitzen da. Hortaz, «harrotasun handia» sortzen dio txupinazoa jaurtitzeko aukerak, eta abuztuaren laura arte agurtu ditu herrikideak. Myriam Pereda gaztea ere izan dute lagun klubeko ordezkariek, hura izango baita zaleen ordezkaria txupinazo egunean.