Iragan ostiral eta larunbatean egin zuten Batbatean musika jaialdia, Gasteizko Mendizabalan, «arrakasta handiz» egin ere, antolatzaileen arabera. Izan ere, orotara 16.000 ikusle inguru bildu ditu festibalak bi egunetan; 8.000 inguru egun bakoitzean, alegia. Ostiralean ikuskizunetako teknikariek egindako grebak ez zuen, beraz, ikusle kopuruaren aldetik eragin nabarmenik izan; antolatzaileek, teknikariekin elkartasunez, 21:00etatik 22:00etara ordubeteko etena egitea erabaki zuten, eta ordu tarte horretako emanaldiak beste ordutegi batera aldatu zituzten.
Antolatzaileek, beraz, «oso balorazio positiboa» egin dute jaialdiaren lehen edizioaz. Batetik, publikoak Euskal Herriko taldeei egindako harrera beroa eta erakutsitako «babes handia» txalotu dute, Hofe, Añube, Kaparrak eta Brigade Loco taldeek izandako zuzenekoak adibide hartuta. Bestetik, kanpoko artistek ere harrera ona izan dutela gehitu dute, hala nola Metrika La Elitek, Jarfaiterrek eta Nerve Agentek. Ororen gainetik, ordea, jaialdian izandako «elkarbizitza eta giro ona» nabarmendu dituzte antolatzaileek. Horiek guztiak kontuan harturik, Gasteizko jaialdi berriaren lehen edizioa ez da, ziurrenik, azkena izango.