Beatriz Artolazabal Gasteizko Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, Enviser enpresako langileen grebak «ez da soilik lan kontua», eta bestelako elementuak daude atzean, haren hitzetan: «Neure aurkako jazarpena». Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketa batean, zinegotziak nabarmendu du prest dagoela kritika politikoak onartzeko, baina ez duela onartuko «irain eta presio pertsonalik»: «Langileen aldarrikapenak egin daitezke, baina inoiz ez behartuz edo mehatxatuz».
Era berean, Artolazabalek gogorarazi du Olarizuko jaietan berak eta Maider Etxeberria alkateak jasan zituzten irainak «zuzenean lotuta» egon zirela «emakume izatearekin». «Gizon bati ez zioten halakorik esango», salatu du.
Sindikatuekin harremana mantendu izana defendatu du. ELA sindikatuarekin hiru akordio ere lortu zituela gogorarazi du, «baina ez zuten sinatu nahi izan», eta, Artolazabalen arabera, gaur egun ESK eta LAB sindikatuek gidatzen dituzte mobilizazioak. Halaber, Laudioko Udaleko kontratuak antzeko soldata eskaintzen duela aipatu du, eta han ez dela grebarik: «Ez dute berdin egiten, han EH Bilduko alkatea dagoelako, eta hemen PSEko alkatea eta EAJko zinegotzia».
Amaitzeko, zinegotziak enpresari eta langileei eskatu die proposamen «errealistak» jartzeko mahai gainean, gatazka «konplexu» bati irtenbidea bilatzeko, baina argi utzi du inolaz ere ezin dela «hertsapena onartu».
Lorezainen protesta
Langileek atzo ohartarazi zutenez, martxoaren 26tik aurrerapauso «urriak» izan dira gatazkaren konponbidean, batez ere arlo ekonomikoan, eta, beraz, lanuztea bertan behera uzteko motiborik ez dago. Kontrara: mobilizazioei eutsiko diete, eta manifestazio batera deitu dute ostiralerako, grebak urte erdi beteko duen egunerako. Artium museotik abiatuko da, 18:30ean.
Enviserreko lorezainek hilabeteak daramatzate greban; enpresa hori Gasteizko Udalaren azpikontrata bat da. Langileek «lan baldintza duinak eta soldata egokiak» bermatuko dituen hitzarmen bat eskatu dute, baina oraindik ez dute akordiorik lortu. Enviserreko arduradunek diote gaur egungo baldintzek Gasteizko Udalak ezarritako gutxienekoak betetzen dituztela; aldiz, udalak dio berak ezin duela eragin enpresa pribatuaren lan baldintzetan. Greba mugagabea martxoaren 26an hasi zen.