Gasteizko Udalak aurrera atera du beheko solairuko lokalak etxebizitza eta etxebizitza tailer bihurtzeko ordenantza proiektu berria. Maider Etxebarriaren gobernuak bultzatutako neurriak lege tramitazio prozesua hasi du, osoko bilkuran behin betiko onartu aurretik. Lokalek bizigarritasun, osasungarritasun, irisgarritasun eta kalitate arauak bete beharko dituzte. Baimena lortzeko, beharrezko obrak egin beharko dira, eta gutxienez zazpi urteko antzinatasuna izan beharko dute lehen okupazioko lizentzia jaso zutenetik.
Borja Rodriguez Hirigintza zinegotziaren arabera, ordenantzak etxebizitzaren funtzio soziala eta hiria eraldatzea bultzatuko du. «Bizitoki bihurtzeko aukera izango dute mila lokal inguruk», adierazi du zinegotziak. Etxebidek ezarritako irizpideak «finkatu» dituzte, «espekulazioari atea ixteko» helburuz.
Etxebizitza tailerra formula ere gehitu dute, hiri barruko joan-etorriak murriztuko dituen bizitoki alternatiboa edukitzea «errazagoa» izateko. Rodriguezen hitzetan, ordenantza egokia da etxebizitza eskuragarriak sortzeko.
Ordenantzak bizitegi eremu jakin batzuetan «soilik» baimenduko du eraldaketa, merkataritza gune nagusiak babesteko asmoz. Araudi berrian kale erreserbatuak eta merkataritza interes berezikoak finkatu dituzte, zirkulazio ardatzei eta erabilera mistoko hirigintza ereduari lehentasuna emate aldera. Ildo horretan, merkataritza sarea babesteko eraldaketatik kanpo geratuko diren tokiak zehaztu ditu Rodriguezek: hiriko kale nagusiez gain, Alde Zaharra, Zabalgunea, Arriagako zati handi bat eta Salburua zein Zabalganeko hainbat eremu.