«EAEko botere publikoek hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili behar dute». Hala egintzen du Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunerako Legeak. Legearen azken bertsioa, ordea, 2023an onartu zen, eta horren aurretik idatziriko lege eta arau asko ez daude egokituta irizpide horietara. Arabako EH Bilduk salatu duenez, horixe bera gertatzen da lurraldeko foru arau gehienekin, «inklusiboak ez diren egituretan oinarrituriko» hizkera baitute. Arau horiek guztiak «berridazteko» eskatu du koalizio abertzaleak, «hizkuntza inklusibo eta ezsexistara» egokitzeko.
Hori egiteko mozioa erregistratu du gaur EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan. Koalizioko batzarkideen arabera, gaur egun indarrean dauden foru arauak aztertuta, «agerian geratzen da foru arauen zati handi batek, bereziki berdintasunaren arloko azken arau garapenen aurretik onartutakoak, gaztelaniazko maskulino generikoan edo egitura ez-inklusiboetan oinarritutako hizkuntza formulak mantentzen dituela». Izan ere, indarrean dauden foru arau asko iragan den mendean onartu ziren, hizkera ez-sexistari buruzko irizpideak oraindik kontuan hartzen ez zirenean.
Irizpide horiekin bat ez datozen arauak identifikatzeko, lau hilabeteko epean txosten bat egiteko eskatu du EH Bilduk, «lehentasunez» berrikusi behar diren arauak zeintzuk diren jakiteko. «Hizkuntza funtsezko tresna da berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko», koalizio abertzalearen iritziz. Hori dela eta, «barne irizpideak sendotzeko eta indartzeko» ere eskatu dio Arabako Foru Aldundiari, hemendik aurrera argitaratuko diren lege testuetan hizkera ez-sexista erabiltzea bermatzeko.