Etxebizitzen inguruko espekulazioan eta zaintza zerbitzuen pribatizazioan jarri du arreta EH Bilduk. Gaur goizean zenbait proposamen plazaratu ditu EAJk eta PSE-EEk duela bi aste Arabarako aurkeztutako aurrekontu proiekturako. Orotara hamalau neurri proposatu dituzte koalizio subiranistako kideek, «proiektu argirik gabeko gobernu baten gabezia nabarmenak» identifikatu ostean. EH Bilduko bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek argi esan die EAJri eta PSEri «denak» ez duela balio, eta adierazi du gobernuaren esku dagoela «PPren eskutik atzera egin, edo EH Bilduren eskutik aurrera».
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak duela bi aste aurkeztu zuen datorren urteko Arabako aurrekontu proiektua. Araban, EAJren eta PSEren arteko koalizioa ez da nahikoa proiektua onesteko, ez baitute gehiengorik bien artean. Iaz EH Bildurekin adostu zituzten aurrekontuak, eta datorren urtekoak lotzeko prozesua martxan da. EH Bilduren izenean, Lopez de Arroiabek adierazi du negoziazioetarako egindako proposamenek «iaz abian jarritako politiketan sakontzea» dutela helburu.
Etxebizitzaren alorrari begiratuta, koalizioko bozeramaileak eskatu du udalerrientzako finantzaketa handitzeko etxebizitza sozialak eta gazteentzako etxebizitzak sustatzen dituen Araba(n) Bizi Bedi programarako. Esparru horretako eskumena Arabako Foru Aldundiarena den heinean, halaber, eskatu du zenbait neurri har daitezela etxebizitzen salmentan espekulazioa amaiarazteko eta alokairuan gehiegizko errentarik ez izateko.
Gizarte politiketan ere zuzenketa pare bat gehitu dute: zaintza zerbitzuetan irabazi-asmoak ezabatzeko neurriak hartzea, eta zahar etxe pribatuen lehen hitzarmena sinatzeko ahaleginak areagotzea, «egoera hau behin betiko konpontzeko, dagoeneko urte gehiegi iraun du eta». Industriari dagokionez, Aiaraldeari erreparatu dio bereziki, eta bi lan ildo proposatu: industrialdeak berritzea, eta deslokalizazioa eragozteko industria proiektu berriak sustatzea.
Bestalde, Lopez de Arroiabek txartzat jo du agintean den koalizioak politika feministetarako aurrekontua murriztu izana. «Ez dakigu indarkeria matxistaren egiturazko existentzia zalantzan jartzen duen PP horri egindako keinu bat den, baina ez da onargarria». Murrizketa gaitzesteaz gain, proposatu du politika feministak martxan jartzeko «zuzendaritza propio bat» sortzea. Klima aldaketaren eta udal finantzaketaren alorretan ere egin ditu hainbat proposamen.Â
Donostiako udaleko aurrekontuak, aurrera
Donostiako udalbatzak udalaren 2026ko aurrekontua onartu du, oposizioko taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota ostean. Guztira 494,5 milioi euro kudeatuko dituzte. Donostiako alkate Jon Insausik aurrekontu «sozialak» direla nabarmendu du: gizarte zerbitzuetarako baliatuko dute aurrekontuen % 8,2, alegia, 40,5 milioi euro. «Donostiak merezitako aurrekontua onartu dugu: baliagarria eta gertukoa, gizarte egiturarekin bat egiten duena eta ekintzaileei laguntzen diena. Azken finean, aurrekontu arduratsua da, eta donostiarron bizitza hobetzeko pentsatutakoa», esan du alkateak.
Â