Bioaraba produktu ekologikoen, bizimodu osasuntsuaren eta kontsumo arduratsuen azoka egingo dute ostiraletik igandera bitarte, hamargarren urtez. Iradier Arenan batuko dira berriro ere. Euskal Herritik zein nazioartetik iritsitako 67 enpresa eta erakundek beren produktuak jarriko dituzte salgai, eta mota guztietako salgaien 30 postu inguru izango ditu. Urtero legez, ekoizpen ekologikoa, bizi ohitura osasuntsua eta kontsumo arduratsua dira ardatzak. Ostiralean zabalduko dute azoka, 11:00etan.
Euskal Herriko azoka agroekologiko handienetakoa izatea lortu dute. Eskaintza zabala biltzea eskatzen du horrek, eta hala egingo dute aurten ere: elikagai ekologikoak, ziurtagiri ofiziala dutenak; ehungintza eta kosmetika naturaleko produktuak; bidezko merkataritzako artikuluak; eta energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua sustatzen dituzten zerbitzuak egongo dira, besteak beste. Programan, gainera, hamabi hitzaldi tematiko baino gehiago bildu dituzte, dastatzeak, sukaldaritza erakustaldiak, haurrentzako tailerrak eta ikastetxeen bisitak.
Antolatzaileen esanetan, Bioaraba «bizimodu jasangarriago eta osasungarriago baten aldeko proposamen berrien erakusleiho nagusietako bat» bihurtu da azken urteotan. Hori dela eta, hiriko agendan «erabat sendotutako ekitaldia» da jada. «Ekimen honen bidez, ekosistema eta baliabide naturalak kontserbatzeko urratsak egiten jarraitu nahi dugu, eta bisitari guztiei aukera eman lurreko produktu ekologikoak ezagutu, erosi eta dastatzeko, baita inguruko produktu ekologikoekin egindako sukaldaritza erakustaldiez gozatzeko ere», azaldu du Iker Knorrek, Bioarabaren antolatzaileak.
Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak nabarmendu duenez, «kontsumitzeko modua aldatzen ari da», eta gero eta gehiago baloratzen dira ingurumena errespetatzen duten enpresen proposamenak: «Bioarabak 2030 Agendaren helburuetan kokatzen den plan egonkor eta sendo bat eskaintzen du».
Aurreko urtean 15.000 bisitari baino gehiago izan zituen azokak, eta aurten ere ekoizleen, merkatarien, banatzaileen, profesionalen eta kontsumitzaileen topagune bilakatzea nahi du zinegotziak: «Bioaraba Estatuko iparraldean produktu ekologikoen eta jasangarrien erakusketarako ezinbesteko ekitaldietako bat da. Hori agerian utzi zuen azken edizioetan izandako partaidetza handiak. Azokan, bisitariek bizi estilo osasungarriagora zuzendutako produktu ekologikoak dastatu edo erosi ahal izango dituzte arrazoizko prezioetan».