Bizikletan Gasteizko guduaren lorratzen atzetik

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Iruña Okako Udalak elkarlanean ondu dute '1813. Gasteizko gudua' ibilbide zikloturistikoa. 84 kilometroko ibilbideak hamar interesgune lotzen ditu, eta Napoleonen gerrako bataila famatua du ardatz.

1813ko guduaren antzezpen historikoa, Armentiako basilikaren ondoan, artxiboko irudi batean. GASTEIZKO UDALA
1813ko guduaren antzezpen historikoa, Armentiako basilikaren ondoan, artxiboko irudi batean. GASTEIZKO UDALA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 11
12:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urte gutxi bi mende bete ziren Gasteiz inguruko lurretako gudurik sonatuena izan zela: Wellingtonen agindupeko tropa ingeles, espainiar eta portugaldarrek Napoleonen soldadu frantsesak garaitu zituzten Arabako hiriburuaren mendebaldean, eta Frantziako enperadore loriatsuak zaldi gainean ekin behar izan zion ihesari, Pirinioetara bidean. Orain, bisitariek eta bertakoek bizikletan bisitatu ahalko dituzte gudu famatu hartako lekurik garrantzitsuenak, erakundeek 1813. Gasteizko gudua 84 kilometroko ibilbide zikloturistikoa ondu baitute elkarlanean, izen bereko guduaren historia ezagutzeko modua ematen duena.

Iruña Okan (Araba) egindako ekitaldi batean aurkeztu dute ekitaldia, gaur. Bertan izan dira Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburua eta Arabako Foru Aldundiko eta Iruña Okako Udaleko agintariak. Ibilbidea Gasteizko Armagintza museoan hasten da, Ajuriaenearen ondoan, eta, hortik abiatuta, «borrokak gertatu ziren leku nagusietako batzuk» zeharkatzen ditu, «hala nola mendebaldeko lautada, Zadorra ibaiaren ingurua, Tresponde eta Argomaiz».

Hurtado sailburuaren hitzetan, ibilbide berriak «memoria historikoa, paisaia eta turismoa» uztartzen ditu, eta landa eremua ere kontuan hartuko duen «turismo eredu berri eta jasangarriago» baten adibidetzat ezarri du egitasmoa. Estrategia horren bidez, «turismo fluxuek urtaroen araberakoak izateari uztea eta mugitzen laguntzea» du helburu Jaurlaritzak, baita bisitariak hain ezagunak ez diren tokietara joatera ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE