Bizimodu Independentearen Bulegoa inauguratu dute Araban

Eredu aitzindaria da EAEn. Izan ere, desgaitasun fisiko, adimen desgaitasun edo gaixotasun mentalen bat dutenak batera artatzen dituen lehenengo bulegoa da.

Irekiera ekitaldiko argazkia. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Irekiera ekitaldiko argazkia. ARABAKO FORU ALDUNDIA
unai etxenausia
2025eko urriaren 14a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiak BIB Bizimodu Independentearen Bulegoa ireki du Gasteizko Salburua auzoan: desgaitasun fisiko, adimen desgaitasun edo gaixotasun mentalen bat dutenak batera artatzen dituen bulegoa. Eredu aitzindaria da EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lurraldeko hirugarren gizarte sektoreko erakundeekin elkarlanean sortu dute.

Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Gorka Urtaranek azaldu duenez, BIB «leihatila bakar gisa» sortu da, desgaitasuna edo mendekotasun gradua duten guztientzat. Haren hitzetan, helburua da orientazioa eta laguntza eskaintzea, pertsona bakoitzak bere bizimodu autonomoa eraiki eta garatu ahal izan dezan, berdintasunez. Egitasmoak bat egiten du, gainera, «Desgaitasuna Dutenen Eskubideei Buruzko Nazio Batuen Konbentzioan jasotako printzipioekin».

02 DFA Oficina de Vida Independiente QFV 2079
Bulegoko atea, Gasteizko Salburua auzoan. ARABAKO FORU ALDUNDIA

Aurkezpenean Urtaranekin batera izan dira Igor Nabarro, bulegoko koordinatzailea, eta Beatriz Gonzalez Calvete, zentroko psikologoa. Halaber, Isabel Lopez eta Blanca Esther Pinedo, Geuk Erabakiz erakundearen ordezkariak, bertaratu dira.

BIBek bultzatzen duen bizimodu independentearen filosofia autodeterminazioan oinarritzen da, hau da, nola eta non bizi, norekin partekatu bizitza eta zer laguntza behar diren erabakitzeko gaitasunean. Ikuspegi horrek paradigma aldaketa dakar, «bizitza bera gobernatzearen garrantzia aitortzen, errespetatzen eta balioesten duena», nabarmendu du Nabarrok. Bulegoko koordinatzaileak, halaber, azpimarratu du zer garrantzi duen arreta eta harreman eredu horrek «desgaitasuna, mendekotasuna eta gaixotasun mentala dutenen gaineko aurreiritziak eta estigmak desagerrarazteko lanean».

Egitekoak

Arabako Foru Aldundiak eta hirugarren sektoreko erakundeek elkarlanean diseinatu dute eredua, desgaitasunen bat dutenen eta haien ordezkarien parte hartze aktiboarekin. Lan horren emaitza da Arabako Bizitza Independenterako Laguntzen Eredua, eta orain, BIBren bidez, praktikan jarriko da.

Bulegoak bizimodu independentearen inguruko informazioa eta aholkularitza eskainiko ditu, emantzipazio eta desinstituzionalizazio proiektuak sustatuko ditu, eta bizitza autonomoko planak diseinatzen lagunduko du. Halaber, laguntzaile pertsonalen poltsa sortu eta kudeatuko du, prestakuntza programak garatuko ditu, eta etxebizitza bilatu eta egokitzeko laguntza emango du. Horretaz gain, desgaitasunaren eta osasun mentalaren arloko elkarteen arteko sinergiak sustatuko ditu, «baliabideen koordinazioa eta ikuspegi komunitarioa indartuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.