Arabako Foru Aldundiak desgaitasuna baloratzeko foru zerbitzua pribatizatzea erabaki du, zerbitzu hori lizitatzeko iragarkia argitaratu baitu kontratazio publikorako plataforma ofizialean. EH Bilduren ustez, «albiste txarra» da hori, eta Gizarte Politiketako foru diputatuari, Gorka Urtarani, galde egingo diote zerbitzua «pribatizatzeko duen asmoari buruz». Aldundiaren gizarte zerbitzuetan «atzerapauso bat» delakoan, koalizioak salatu du prozedura bat hasita dagoela «orain arte erabat publikoa zen zerbitzu hori» pribatizatzeko.
Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, aldundiari «aurreikuspena falta» izan zaio 2023an indarrean sartu zen desgaitasuna baloratzeko baremo berrirako. Baremo berria «osoagoa eta integrala» da, eta orain arte beharrezkoa ez zen espezializazio bat eskatzen die foru langileei. Venceslaoren aburuz, «planifikazio falta nabariak eta kudeaketa akatsak» direla medio, aldundiak ez du behar bezala planifikatu baremo berrirako trantsizioa, eta horrek derrigortu ditu zerbitzua azpikontratatzera.
Balorazio prozesuan behar den txosten bakoitzerako kontratu publiko bereiziak sortu izana ere deitoratu du Venceslaok, horrek zerbitzuaren «endekapena» eta «langileen arteko desberdinkeriak» sortuko lituzkeelako, haren ustez. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko langileek pribatizazioa gaitzetsi dutela ere gogorarazi du, eta koalizioaren aurkako jarrera berretsi. EH Bilduren ustez, zerbitzu horren kudeaketak publikoa izan behar luke aurrerantzean ere, balorazioak «baldintzatu» egiten baitu desgaitasunen bat dutenek laguntza publikoen sare osorako duten sarbidea.