Izen aproposa du Ekiolak: eguzkiaren bitartez energia elektrikoa ekoitziko duten autokontsumorako energia kooperatibak sortzea da proiektu horren helburua. EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon korporazioak abiaturiko egitasmoa da hori. Mota horretako lehen kooperatiba Azpeitian sortu zen (Gipuzkoa), baina Arabako da proiektuaren adar gehien hartu dituen lurraldea: hiru energia kooperatiba daude jada martxan —Mendialdea, Lautada eta Gorbeialdea eskualdeetan—, eta uda honetan abiatuko dute laugarrena, Aiarako Ekiola izenekoa. Izenak iradokitzen duen legez, Aiaraldean egongo da, eta 2.064 eguzki plaka izango ditu bazkideentzat energia sortzeko.
Ikusi gehiago
Amurrioko Saratxoko gunean dago kooperatibari energia emango dion planta fotovoltaikoa, Urduñarako errepidearen ondoan. Uda honetan hasiko da energia sortzen, eta etxe, lantegi eta lokalei eskainiko die zerbitzua. Urtean 1.550 megawatt-orduko energia ekoizpena bermatua izango dute haren bidez. «Urtean batez beste 2.200 kilowatt-ordu kontsumitzen dituen erabiltzaile batentzat, kooperatibarekin bat egiteak 1.900 euroko ekarpena eskatuko luke», azaldu du Arabako Foru Aldundiak. Ekoitzitako energiaren prezioa 30 eurokoa izango da megawatt-ordu bakoitzeko, eta parkeak 30 urteko bizi epea du; «luzera begira, energia oso prezio erakargarrian sortuko da», alegia.Â
DATUak
2.064Zenbat plaka izango diren. Amurrio aldeko energia kooperatibak 2.064 plaka izango ditu. Ekoitzitako energiaren prezioa 30 euroren bueltan izango da megawatt-orduko.
1.900Zenbateko ekarpena egin beharko den, eurotan. Urtean batez besteko kontsumoa duen herritar batek 1.900 jarri beharko ditu kooperatiban sartzeko.
Bazkideei energia eskaintzeaz gain, ibilgailu elektrikoentzako kargalekuak ere eskainiko dituzte, Laudion, Amurrion, Arespalditzan, Luiaondon eta Okondon. Egitasmoa ezagutzera emateko, aldundiak bilerak egingo ditu tokiko eragile ekonomikoekin. Bestelako jarduera informatiboak ere egingo dituzte: maiatzaren 21ean (osteguna) eta 22an (ostirala), Laudioko eta Amurrioko asteko azokarekin batera, informazio karpak jarriko dituzte Aldai plazan (Laudio) eta Juan Urrutia plazan (Amurrio), kooperatibaren egitasmoa herritarren artean ezagutarazteko. Bi informazio hitzaldi ere egingo dituzte: lehenengoa maiatzaren 28an izango da, Amurrioko Katekesi eraikinean, 19:00etan; bigarrena, berriz, ekainaren 4an, Laudioko Kasinoan, ordu berean.