Osakidetzako langileen soldataren osagarrietako bat da «garapen profesionala» deritzona. Urtero onartzen zaie langileei, baldintza jakin batzuen arabera, baina, ELAk salatu duenez, osagarri hori kalkulatzeko Osakidetzak proposatu duen eredu berriak «ez du berdintasuna bermatzen, ez da objektiboa, eta ez du betetze bermerik». Hori dela eta, eredu berri horren aurka agertu da sindikatua, eta arbuio hori irudikatzeko bildutako sinaduren entrega egin dute gaur, Gasteizen, Osakidetzak Araba kalean duen egoitzan.
Osakidetzak urtero egiten du langileei osagarri hori onartzeko deialdia. Hala ere, aurreko urteetan erakundeak «alde bakarrez» deialdi horiek bertan behera utzi dituela salatu du sindikatuak. Horrela jazo zen 2011n. ELAk auzitara eraman zuen Osakidetza deialdi hori ez egiteagatik, eta justiziak sindikatuari arrazoia eman zion, baina «bermeak» nahi ditu orain ELAk, hori berriro gertatu ez dadin. Osagarria kalkulatzeko orduan irizpide «objektiboagoak» erabiltzeko ere eskatu dute, oraingo sistemak «lan zuzendariaren esku dauden irizpide subjektiboak» kontuan hartzen dituelako. Genero arrakala eta langileen formakuntza «guztia» kontuan hartzeko ere eskatu dute, baita euskararen ezagutza «berariaz» baloratzeko ere.