Amurrioko (Araba) kale-garbiketa zerbitzuan greba mugagabea hasiko dute uztailaren 20tik aurrera. ELA sindikatuak deitu du grebara; izan ere, salatu du hitzarmen kolektiboaren negoziazioa ez atzera ez aurrera dagoela. Urte eta erdi daramate ituna berritu nahian, baina, adierazi duenez, gaur-gaurkoz ez dago «inolako aurrerapenik». Horiek horrela, «konponbidea bilatzeko» eskatu die udalari eta zerbitzuaz arduratzen den enpresari, Prezerori.
Amurrioko Udalak azpikontratatua du zerbitzua. Sei langilek dihardute kaleak garbitzeko lanetan, eta haiei eragingo die lanuzteak. ELAren arabera, zerbitzua kudeatzen duen enpresak ez du inolako proposamenik aurkeztu hilabeteotan, eta argudiatu du egoera ekonomikoa txarra duela. Hala ere, sindikatuak salatu du udalak ere ez duela gatazka bideratzeko urratsik egin, ardura enpresarena bada ere.
Kale garbitzaileek eskatu dute kontsumoko prezioen indizearen (KPI) gainetik igotzeko soldatak. Horretaz gain, lan baldintzak hobetzeko asmoz, galdegiten dute batzarrak egiteko ordu gehiago izatea, lizentziak hobetzea, eta antzinatasunaren aitortza hobetzea.