Euskarari «dagokion tokia» emango diote 'Gasteiz, euskararen hiria' jaialdian

Gasteizen bihotzean egingo dute jaialdiaren bigarren aldia, larunbatean. Euskararen alde egindako lana nabarmentzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute hiriko euskalgintzako zenbait erakundek.

'Gasteiz, euskararen hiria' jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
'Gasteiz, euskararen hiria' jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteiz
2025eko irailaren 9a
13:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gasteiz herri euskalduna izan da historian zehar, eta gaur egun ere gero eta gehiago gara hiri euskaldun batean bizi nahi dugun herritarrak». Mezu hori defendatu dute Gasteizen euskararen alde lanean aritzen diren zenbait elkartek: Geu elkarteak, Gasteizko AEK-k, Gasteizko IKAk, Hegoalde euskaltegiak, Alea-k eta Bai Euskarari-k.

Elkarte horiek Gasteiz, euskararen hiria jaialdiaren bigarren aldia antolatu dute larunbat honetarako. Iaz egin zuten lehendabizikoz, eta aurtengoan ere egun osoko jaialdia egingo dute. Gaur goizean egin dute jaialdia aurkezteko agerraldia.

Aurtengo festaren leloa zera izango da, Gastehiz herritik euskararen hirira: 1.000 urte lotzen gaituen haria. Hiriaren izenak mila urte beteko ditu aurten. Izan ere, Gastehiz izenaren lehen agerpen idatzia Donemiliaga Kukulan (Errioxa, Espainia) dago, eta idatzi horrek mila urte beteko ditu.

«Herritarren babesa ezinbestekoa da ditugun beharrak plazaratzeko eta euskarak merezi duen tokia aldarrikatzeko»

UXUE ALONSO Geu elkarteko koordinatzailea

Urteurren biribil horren harira, hamarkadetan euskararen alde lanean ari diren eragile eta herritar guztien lana nabarmendu nahi dute. Horrekin batera, Geu elkartearen koordinatzaile Uxue Alonsok gogora ekarri du askotan baliabide gutxirekin, egoera prekarizatuan eta babes nahikorik gabe jarduten dutela, eta gasteiztar guztiena dela euskara, euskaldunak izan ez direnena ere bai: «Herritarren babesa ezinbestekoa da ditugun beharrak plazaratzeko eta euskarak merezi duen tokia aldarrikatzeko».

Horrekin batera, nabarmendu dute egunerokoan lan «nekeza» egiten dutela, eta argi utzi dute euren aldarriek eta lanak festaren ostean ere jarraituko dutela: «Euskararen biziberritzea ez da egun bakarreko kontua. Egunero ari gara lanean, eta hala jarraitu behar dugu etorkizunean». Gaineratu dute gauzatzen duten lana aurrera ateratzeko ezinbestekoak zaizkiela «baliabideak, babesa eta herritarren konpromisoa».

Egun osoko festa

Adin eta zaletasun guztietarako ekintzak programatu dituzte, gehienak Andre Maria Zuriaren plazan. Bapatean Zirko konpainiaren Pon eta Pa haurrentzako emanaldiak emango dio hasiera jaialdiari, eta eguerdira bitartean bertso saio musikatua, kirol ikuskizunak eta haurrentzako beste emanaldi bat antolatu dituzte. Bazkalosteko emanaldietan musika nagusituko da: hainbat kontzertu, drag show-a, zumba herrikoa, DJa eta kalejira. Egun osoan zehar joaldunak, Arai konpartsa, zozketak eta janari postuak egongo dira.

Antolatzaileek ekintza bat nabarmendu dute beste guztien artean: kalejira herrikoia —18:00etan hasiko da—. «Hiriaren kaleak euskaraz beteko ditugu», esan dute. Eta Gasteizko eta inguruko herritar guztiak gonbidatu dituzte euskararen aldeko festa, aldarria eta elkartasuna nahastuko dituen ekitaldira.

Gasteiz, euskararen hiria. IRAILAREN 13AN

  • 11:00. Pon eta Pa haurrentzako ikuskizuna, Bapatean Zirko konpainia, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • 12:00. Kirola Jokoan, Badaiotz euskal herri kirol elkartea, Plaza Berrian.
  • 12:00. Haurrentzako ekintzak, Kimuak eta Goian elkarteak, Plaza Berrian.
  • 12:30. Bertso musikatuak Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • 13:30. Herri kirolak: Harriti emakume taldea, Arabako Harria eta aizkolariak, Plaza Berrian.
  • 16:00. Kontzertu akustikoa: Arrimu, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • 16:45. Bakarrizketa, Julen Axperen eskutik, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • 18:00. Gasteizko euskalgintzaren ekitaldia, kalejira herrikoia.
  • 19:30. Zumba herrikoia, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • 20:30. Drag show-a, Andrigina & friends taldea, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • 21:30. Kontzertua: Trikoma, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • 22:30. Kontzertua: Berriztu erromeria, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • 23:45. DJ Guate-K, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Egun osoan zehar. Joaldunak, Arai konpartsa, zozketak eta janari postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.