Eusko Legebiltzarreko hesira kateatuta, martxoaren 17ko greba orokorrera deitzeko

LABek protesta egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean, martxoaren 17ko greba orokorrera deitzeko. Sindikatuko kideetako batek bere burua kateatu du bertan, baina ertzainek segituan askatu dute kurrikekin.

LABek Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako mobilizazioa, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
LABek Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako mobilizazioa, Gasteizen. Eskuinean ageri den militanteak kateatu du bere burua hesira. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko martxoaren 12a
10:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun bizia Eusko Legebiltzarraren inguruko kaleetan. Goizean, Gerrarik Ez plataforma antimilitaristak Irango gerraren eta NATOren aurkako mobilizazioa egin du, eta, 09:30ean, LAB sindikatuko kideak izan dira iragarri gabeko protesta egin dutenak, eraikinaren aurrean. Bi dozena militante batu dira Floridako pasealekuan, normalean itxita egoten den legebiltzarreko ate nagusiaren aurrean, eta kolore beltz eta gorriko baloi puzgarriak bota dituzte eraikina inguratzen duen hesi horren gainetik, langileen baldintzak hobetzeko eta gutxieneko soldata propioa onartzeko orduan «pilota instituzioen teilatuan» dagoela sinbolizatzeko. Horren ondoren, LABeko kideetako batek bere burua kateatu du hesi horretan bertan, lepo inguruan katea jarrita.

Ertzainek, ordea, azkar erreakzionatu dute, eta, errefortzuak eskatzearekin batera, legebiltzarraren barrutik kurrika parea atera dute, eta hesira kateatuta zegoen militantea askatu. Ondoren, giza hesia osatu dute burdinazko hesiaren aurrean, protestan ari zirenei gerturatzen ez uzteko. Horren ostean, LABeko kideek minutu batzuk eman dituzte Eusko Legebiltzarraren aurrean, «Martxoak 17, greba orokorra!» eta antzeko leloak oihukatuz, eta, azkenik, Gasteizko alde zaharrerantz joan dira, aldarriak egiteari utzi gabe. Ertzainak beren autoetara igo dira, eta atzetik joan zaizkie, istilurik sortzen ez zutela ziurtatze aldera, antza denez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA