Betidanik, Euskal Herriko aireportuen artean trafiko daturik apalenak izan ditu Forondako aireportuak (Gasteiz). 2008tik 2017ra, ez zuen gainditu 100.000 bidaiariren langa, eta, 2013an, ez zen iritsi 7.000 bidaiarira ere. Pandemiatik hona, ordea, hazkunde nabaria izan du Forondak: 2021ean, Iruñeko aireportua gainditu zuen bidaiari kopuruan, eta 2025. urtean 307.316 izan zituen guztira, %16,4 gehiago, alegia.
Goranzko joera hori ikusita, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak AENAri helaraziko dion eskaeraren berri eman du gaur Arabako Batzar Nagusietan: bidaiarientzako beste terminal bat eraikitzea Forondako airerportuan. Terminal bakarra du gaur egun azpiegitura horrek, eta, ahaldun nagusiaren iritziz, «txiki» geratzen da aldundiak erdietsi nahi duen helbururako: urtean 500.000 bidaiari lortzea du xede erakundeak.Â
Azpiegitura txikiegia, inbertsio apalegiak
Gonzalezek azaldu duenez, gaur egungo terminala aldi berean bi edo hiru hegaldi hartzeko prestatuta dago. Ez da nahikoa aldundiak 2026rako dituen aurreikuspenetarako: trafiko handieneko uneetan «lau edo bost hegazkinek eta 600 bat bidaiarik» pistan bat egingo dutela ohartarazi du ahaldun nagusiak.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sortu berri duten aireportuen kudeaketarako aldebiko organoari idatzizko eskabidea helaraziko dio Arabako Foru Aldundiak, AENA 2027-2031 eperako prestatzen ari den inbertsio plan estrategikoan —DORA deritzona— beste terminal bat eraikitzeko inbertsioak txerta ditzan.
Une honetan, 63 milioi euroren inbertsioak aurreikusten ditu plan horrek Forondako aireporturako, baina «bidaiarien terminalean ez du inbertsio nabarmenik egingo», deitoratu du Gonzalezek. Madril eta Bartzelonarekiko konexio indartuek eta udako hegaldi berriek bultzatuta, aurten Foronda 375.000 bidaiarira iristea aurreikusten du aldundiak.Â