Frankistek hildako hamazazpi lagunen gorpuzkiak identifikatu dituzte Araban

Javier Gomez historialariak ikerketa bat egin du Gogora institutuarentzat, 1936an eta 1937an Zanbranan hildakoen arrastoak argitzeko. Biktimak identifikatzea eta non lurperatu zituzten dokumentatzea lortu du.

Zanbranako hilerria, frankismoaren biktimen gorpuak bertan lurperatuak daude. LA PILASTRA
Zanbranako hilerria, frankismoaren biktimen gorpuak bertan lurperatuak daude. LA PILASTRA
Aratz Aranburu
2026ko azaroaren 27a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frankismoaren errepresioak eragindako gutxienez hamazazpi biktimaren gorpuzki identifikatu dituzte Zanbranako (Araba) hobi komun batean. Hala ondorioztatu du Javier Gomez historialariak, Gogora institutuak enkargatuta egin duen ikerketan. Egileak gaur aurkeztu ditu lanaren emaitza nagusiak herrian bertan egin duten hitzaldi batean, La Pilastra elkarte memorialistak berri eman duenez.

Dokumentuen arabera, bazekiten 1936an eta 1937an Zanbranan gutxienez 31 pertsona hil zituztela frankistek, baina ikerketari esker izen-abizenak jarri dizkiete orain. Haien jatorria, eginiko ibilbidea eta heriotzaren inguruabarrak ere «berreraiki» dituzte. Biktimak Arabakoak, Errioxakoak (Espainia) eta Burgoskoak (Espainia) ziren. Hamarkadetan ahanzturan egon dira, ordea, eta orain haien memoria berreskuratzea lortu dute. 

Izan ere, ez zekiten non zeuden lurperatuta. Hori dokumentatzea izan da, hain justu ere, azterlanaren ekarpen nagusietako bat: agiri bidez frogatu dute hamazazpi biktima Zanbranako hilerrian ehortzi zituztela eta bertan lurperaturik jarraitzen dutela gaur egun oraindik ere. 1997an, hilerria handitzeko lanak egin zituztenean, zati handi bat hormigoiz estali zuten eta gorpuzkiak hobiratu zeuden eremua estali egin zuten.

Txostenaren arabera, ordea, ez dago nahikoa froga dokumentalik beste zazpi biktimaren gorpuzkiak non dauden zehazteko. Kasu horietan, Zanbranarekin izan zuten lotura ahozko lekukotasunen bidez jaso da batez ere. Era berean, argitzeke dago oraindik udalerrian atxilotu eta beste leku batzuetan hil zituzten zenbait lagunen gorpuzkien kokalekua. Edonola ere, biktima horiek guztiak omentzeko ekitaldi bat egingo dute abenduaren 12an Zanbranan. Ekitaldian, haiek oroitzeko gune bat inauguratuko dute.

Biktimen identifikazioa

Horrez gain, frankismoak Araban hildako beste bederatzi biktimaren gorpuzkien kokalekua identifikatzea lortu dute. Gomezek erregistro zibilak eta dokumentazio militar, judizial eta eliztarra alderatu ditu, garai hartako testigantza eta argazkiekin batera, eta horri esker pertsonen ibilbideak berreraiki ditu: Gehienek «ezkerreko talde edo erakundeekin» zuten lotura: nagusiki militante anarkistak, errepublikanoak eta sozialistak ziren.

Uste dute biktima horietako asko Zanbranako hilerrian daudela lurperatuta; izan ere, agirien arabera, gehienak La Pilastra izeneko parajean hil zituzten —elkarte memorialistak handik hartu zuen izena—. Gune hori Arabako errepresio frankistarekin lotutako «memoria gune nagusietako bat da, elkarteak gogora ekarri duenez. Horiek horrela, eta jasotako informazioaren garrantzia ikusita, jakinarazi dute hilerriko zola altxatuko dutela, gorpuzkiak berreskuratu eta senideei itzultzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA