Gasteizko udalerriaren ekialdeko hegian dago Jungituko herria. Arabako lautadaren barruan dago, beraz, Jungitu, eta haren lur lauak egokiak dira eguzki plaka sail handiak kokatzeko. Burutazio hori izan bide zuen Ventaja Solar 8 enpresak, 2023an Bitxilore Solar izeneko parke fotovoltaikoa eraikitzeko baimena eskatu baitzuen, 11.144 plakarekin. Gaur lortu dute, azkenik, parke hori eraikitzeko baimena; 9.396 plaka izango ditu, ordea.
Murrizte horren arrazoia Eusko Jaurlaritzak joan den urtean egindako ingurumen inpaktu txostena da. Hain zuzen ere, parkeak «ingurumenean eragin nabarmenak» izango zituela ondorioztatu zuen Jaurlaritzaren txostenak. Nekazaritzarako «estrategikoak» diren lurrak okupatzea zen parkeari aurkitu zitzaion arazo nagusia. Gainera, zuen hedadura ikusita, egitasmoak inguruko «natura ondareari» kalterik ez egitea ziurtatzea ezinezkoa zela ere iritzi zion Eusko Jaurlaritzak.
Txosten horren harira, enpresak parkearen hedadura murriztea erabaki zuen, bost hektarea baino gutxiagoko azalera har zezan. Ondorioz, orain onarpena jaso duen egitasmoa hasierakoaren bertsio murriztua da: 4,98 hektareetan 9.396 plaka jarriko ditu enpresak, hasierako 11.144en ordez. Aurreikusitako potentzia, berriz, mantendu nahi izan du Ventaja Solar 8k: bost megawattekoa izango da.Â
Aurretiazko administrazio baimena lortuta, urtebeteko epea du orain enpresak eraikuntza baimena eskatzeko. Egitasmoaren onarpena energia berriztagarrien inguruko eztabaida betean suertatu da. Izan ere, lehen sektoreko elkarteen eta hainbat eragile ekologistaren arabera, Arabako lurraldean eraiki nahi diren «makroproiektuak» kaltegarriak dira nekazaritzarentzako eta ingurumenarentzako. Joan den astean manifestazio handia egin zuten, udal eta kontzeju askoren babesarekin, mota horretako egitasmoen aurka.Â