Ez da atzoko gaia, herenegungoa ere ez. Azken urteetan, asilo eskatzaile ugari bildu dira Gasteizko kaleetan. Horietako asko Gasteizko Salburua auzoan bizi dira, kalean. Auzo hartako Oñati kalean dago, hain zuzen, Espainiako Poliziaren komisaria, eta eraikin hartan tramitatzen dira asilo eskaerak. Errefuxiatu asko Gasteizen asilo eskabidea abian jartzeko hitzordua lortzea errazagoa delako ustean bertaratzen dira Arabako hiriburura, baina ustea ustela suertatu da, eta itxaron-zerrendak luzeak dira. Luzeagoak ere izango dira hemendik aurrera, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaurko agerraldian salatu baitu hitzordu horiek «erdira» gutxitu direla.
Ikusi gehiago
Orain arte, astean 60 hitzordu ematen ziren tramite hori egiteko. Kopuru hori «jada ez zen nahikoa», sindikatuko bozeramaileen arabera, eta Gasteizko kaleetan sarri ikusi den irudiak —asilo eskatzaileak asteak edo hilabeteak kalean lo egiten, hitzordua lortu ezinik— iritzi horren alde egiten du. Hemendik aurrera, berriz, sistemak izandako aldaketek egoera okertu bide dute: sindikatu sozialistaren esanetan, astero eskuragarri jartzen diren hitzorduen kopurua 30era murriztu baita. Gainera, tramitea «modu telematikoan» soilik egin daiteke orain, eta, sindikatukoek salatu dutenez, web orrialdea «saturatuta» dagoenez, kalean dauden asilo eskatzaileetako batek ere ez du hitzordurik lortu azken bi asteetan. «Praktikan, emandako hitzorduen kopurua 60tik hutsera igaro da».
«Erakundeen utzikeria» horren aurrean, elkartasun sarea aurkeztu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, auzoko biztanleekin elkarlanean. Hain zuzen ere, Salburuko biztanleak izan dira kasu askotan kalean lo egiten duten asilo eskatzaileen sostengua, eta haiekin elkarlanean lan egiteko deia egin dute sindikatuko kideek. Besteak beste, ostiralero arratsaldeko seietan Venezuela kaleko 10. zenbakian egingo den «elkartasun asanbladara» batzeko deia egin dute. Bilera horretan, asilo eskatzaileei hitzorduak lortzeko prozesuan laguntzeko bideak aztertuko dituzte. Errefuxiatuentzako gaztelera klaseak eta otorduak ere eskainiko dituztela iragarri dute.