«Inork ez du bere etxea suntsitzea nahi; horregatik egiten dugu ihes». Espainiako Poliziak Gasteizko Salburua auzoan duen egoitzaren aurrean dago Camara Demba (Mali, 1988). Hura bezala, Afrikako herrialde horretatik ihes egindako dozenaka pertsona daude Gasteizen kale gorrian bizitzen asilo eskaera tramitatu bitartean. Gehienak maliarrak dira, nahiz eta baden Boli Kostakorik ere.
Ikusi gehiago
Abuztuaren hasieran, Donostiako Amara Berri auzoko kaleetan lo egiten ari zirenak Arantzazura (Oñati, Gipuzkoa) eraman zituzten, eta hilaren erdialdera, Gasteizko Salburua auzokoak Arantzazura, Tolosara (Gipuzkoa) eta Berrizera (Bizkaia), asilo eskaerak ebatzi bitartean. Halere, egunetik egunera gero eta gehiago dira Arabako hiriburura iristen direnak. Tramite horrek dirauen bitartean, kalean igarotzen dute goiz eta gau.
Afrikako inguru horretan, azken urteetan oso ohikoak bilakatu dira estatu kolpeak. Mali, esate baterako, diktadura baten pean bizi da Assimi Goitak 2020an lehen estatu kolpea eman zuenetik —2021ean beste bat eman zuen— . Presidenteak maiatzean iragarri zuen hauteskundeak atzeratuko zituela mugarik gabe, eta ekintza politiko oro debekatu zuen.
Dembak eta Wague Moussak (Mali, 1988) kontatu dute jihadistak gizon gazteen bila aritzen direla gobernuaren aurka egiteko, eta horregatik erabaki zutela euren herrialdetik ihes egitea eta Europara joatea. Argi azaldu du Dembak: «Nik ez dut nahi nire etxea suntsitzea. Inork ez du nahi bere herrialdea suntsitzea; horregatik egiten dugu alde». Sevillara (Espainia) iritsi zen lehendabizi, eta, hango erakundeen kudeaketa eskasa ikusita, Gasteizera etorri zen gero; egun gutxi batzuk daramatza Arabako hiriburuan. Moussak, berriz, kontatu du abuztuaren 5etik dagoela Gasteizen: «Ni Italiara iritsi nintzen, eta Almerian daukadan lagun batek esan zidan Espainian egoera hobea zegoela. Frantziatik pasatuta, Gasteizera iritsi nintzen».

Euria egin du gau osoan, eta, orain ateri dagoenez, koltxoiak bertikalean jartzen ari da Nfamoru Diakite (Boli Kosta, 1987), apur bat lehor daitezen. Berak ere egun gutxi daramatza Gasteizen, eta kontatu du ezin izan duela lorik egin. Bolikostarraren istorioa bestelakoa da. Familiaren egoerak bultzatuta erabaki zuen bere herrialdetik alde egitea: «Nire herrialdean familia egoera konplexua nuen, eta alde egin behar izan nuen. Espainiara iritsi nintzen, eta handik zuzenean Parisera joan nintzen. Han nengoela, arreba txikiak deitu zidan esanez Marokon zegoela nire semearekin, eta Mediterraneoa gurutzatzera zihoazela». Azaldu duenez, arrebak ez zuen lortu Mediterraneoa zeharkatzea, eta bertan hil zen. Haren semeak, ordea, itsasertzera iristea lortu zuen, eta Las Palmasen (Kanaria uharteak, Espainia) dago egun.
Diakitek Paristik Gasteizera bidaiatu du semearekin elkartu nahi duelako. Haren dokumentuen kopiak baditu —paperak eskuan dituela ari da hizketan—, baina bereak ez ditu lortu oraindik, eta ez dauka modurik Kanarietara iristeko.
Prozesu luzea eta nekeza
Asilo eskaera tramitatu arte, hilabeteak pasa daitezke. Hiru urrats ditu prozesuak. Hasteko, asilo eskaera hasi behar da polizia etxe batean, eta ordua eskatu berriz hara joateko. Bigarren zitan, komisarian elkarrizketa bat egin, eta asilo eskatzaileak azaldu behar du zergatik ezin den itzuli bere herrialdera. Azkenik, ebazpena jasotzen da: onartua bada, bost urteko epea zabaltzen da lan eta bizi baimena jasotzeko.
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak laguntza ematen die iritsi berriei polizia etxean egin behar dituzten tramiteak egiteko. Gaur egun, Gasteizko komisarian hamar pertsona pasatxori ematen diete ordua egunean. Javier Canivell Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko lehendakariak argi utzi du beraiek eskaintzen dituzten laguntzak «behin-behinekoak eta osagarriak» direla. Osagarriak dira, Espainiako Gizarte Segurantzako, Inklusioko eta Migrazioko Ministerioak baitu migratzaileei baliabideak emateko eskumena. Adierazi du laguntza behar duen edozein errefuxiaturi laguntza juridikoa, laborala eta psikologikoa eskaintzen dietela, eta maliarrei bereziki laguntza juridikoa ematen dietela.
Elkartea arduratzen da iritsi berriei polizia etxean ordua hartzeaz, eta abokatu baten aholkularitza eskaintzen die prozesu osoan zehar. Horrez gain, Oñati, Tolosa, eta Berrizko zentroetara bidaltzen dituzte. 145 toki inguru dituzte denera, eta guztiak beteak daude egun; maliarrak dira ostatu hartzen ari diren guztien %80 inguru.
«Nik ez dut nahi nire etxea suntsitzea. Inork ez du nahi bere herrialdea suntsitzea; horregatik egiten dugu alde»
CAMARA DEMBAAsilo eskatzailea
Canivellek azaldu du euren esku dagoen guztia egiten saiatzen direla, baina ez daukatela nahikoa baliabide. Eta ez du uste egoerak hobera egingo duenik: «Mali eta inguruko herrialdeetako albisteak ikustea nahikoa da jakiteko gehiago etorriko direla, eta gainera bide arriskutsuetatik». Horregatik ari dira Espainiako Gobernuari eskatzen prozesua arintzeko eta toki gehiago eskaintzeko. Halaber, migranteak Europara iristeko «bide seguru eta legalak» galdegin dizkiote.

Asilo eskatzaileek diotenez, instituzioek ez diete oraindik aterpe egokirik eskaini. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri da BERRIA, eta hango iturriek onartu dute maiatzaz geroztik asko handitu zela Maliko asilo eskatzaileen kopurua, eta harrera sistema «gainezka» dagoela. Egoerari irtenbidea emate aldera hainbat urrats egin dituztela jakinarazi dute: batetik, Espainiako Barne Ministerioari eskatu diote komisarietan hitzordu gehiago emateko, «pilaketak eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko».
Bestetik, Espainiako Gobernuarekin koordinatuta, nazioarteko babes sistemako tokietara bideratzen ari dira, eta, halaber, udalekin eta Gurutze Gorria eta Zehar Errefuxiatuak elkartearekin elkarlanean ari dira haientzako atseden guneak, elikadura eta higiene guneak eskaintzeko. Jaurlaritzak ohartarazi du «desesperazio egoeraz» baliatu nahian interes ekonomikoa duten pertsona batzuk ere agertu direla eta, beraz, ezinbestekoa dela migranteak lehenbailehen sartzea nazioarteko babes sisteman.
Itxaropena etsipenean
Hain bidaia gogorra eta luzea egin ostean, hotzak eta estalpean dituzten gauzak bustita edukitzeak etsipena eragin du kalean lo egiten duten migranteengan. Hala ere, esperantzarik ez dute galdu. Demba: «Neure buruan sinesten dut, eta uste dut badudala etorkizun bat Europan». Lan egiteko grinatsu agertu den arren paperak beharrezkoak dituela azpimarratu du.
«Haien inguruan sortzen dituzten zurrumurruak faltsuak dira. Ez Donostian, ez Gasteizen, ez dute istilurik izan. Beti errespetuz ibili dira, eta oso esker onekoak dira»
JAVIER CANIVELLZehar-Errefuxiatuekin elkarteko lehendakaria
Egoerarik krudelenean egonda ere, laguntza eskaintzen ari zaizkien bizilagunentzat esker oneko hitzak besterik ez dute. «Jendeak agurtu egiten gaitu, eta hori izugarria da, asko eskertzen dugu. Bizilagunek errespetuz tratatzen gaituzte, eta guk berdin erantzuten diegu. Badakite beste aukerarik ez dugulako gaudela hemen», adierazi du Dembak.
Bide beretik, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko Canivellek azpimarratu du jarrera «eredugarria» dutela: «Haien inguruan sortzen dituzten zurrumurruak faltsuak dira. Ez Donostian, ez Gasteizen, ez dute istilurik izan. Beti errespetuz ibili dira, eta oso esker onekoak dira».