Gasteizko Alde Zaharreko hainbat kamera suntsitu dituzte, «kontrol sozialaren» aurka

Hala Bedi irratiak zabaldu du hainbat militante anonimok abiatutako ekintzaren bideoa. Mailu eta erratzekin kamerak suntsitzen ageri dira ekintzaileak. Gasteizko Udalaren arabera, lau kamera suntsitu dituzte, eta «milaka euroren kalteak» eragin.

Ekintzaileek suntsituriko kameretako bat, Montehermoso jauregiko sarreran. BERRIA
Ekintzaileek suntsituriko kameretako bat, Montehermoso jauregiko sarreran. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 16a
13:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Esango dute hau ez dela poesia, eta nik diot: poesia mailu bat da». Nakar taldeak egokituriko Gabriel Arestiren bertso horiek soinu banda gisa hartuta, mailu poetikoen ordez benetako mailuak erabilita suntsitu dituzte Gasteizko Alde Zaharreko hainbat segurtasun kamera aktibista anonimo batzuek. 

Hala Bedi irratiak zabaldu du ekintzaren bideoa, eta aurretik pintura beltzarekin estaliriko kamerak suntsitzen ageri dira hartan ekintzaileak, goizeko ordu txikietan, mailuak eta erratzak erabilita, irudien gainean «kontrol sozialaren» aurkako leloak ageri diren bitartean.

Inongo taldek ez du ekintza bere gain hartu, ekintzaileek bideoa girotzeko Ekidak argitaraturiko disko bateko kanta aukeratu badute ere. Gasteizko Udalaren arabera, gutxienez lau kamera suntsitu dituzte ekintzaileek Errementari kalean, Montehermoso jauregian eta Bakardade kantoian, guztiak Alde Zaharrean.

Horietako batzuk aldapa mekanikoak zaintzeko gailuak ziren. Beste batzuek, berriz, emisio gutxiko eremurako sarrera zaintzen zuten. Udalaren arabera, Udaltzaingoa gertaera ikertzen ari da, ekintzaileek «milaka euroren kalteak» eragin baitituzte. Ostiralean margotu zituzten kamerak pintura beltzarekin, eta asteburuan zehar suntsitu dituzte. 

EAJren udal taldeak eskatuta, Gasteizko eledunen batzarrak ezohiko bilera egingo du gaur, kameren suntsiketaren aurkako adierazpen instituzionala onartu ala ez erabakitzeko. EH Bilduren udal taldeak, komunikabideei bidalitako ohar batean, suntsiketaren aurkako «erabateko gaitzespena» erakutsi du, koalizioaren ustez «ezerk ez baitu justifikatzen» emisio gutxiko eremurako sarrera zaintzen duten kamerak suntsitzea. EH Bilduren arabera, kameren instalazioa auzoetako bizilagun eta langileekin koordinatu behar da, baina hori «beste kontu bat» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA