Ohiko astelehen goiz baten itxura du Gasteizko Alde Zaharrak: banatzaileak alde batetik bestera, eta kale garbitzaileak goitik behera. Ohiko astelehen bat dirudien arren, inguruko eta hiriko bizilagunek kezka bat gehiago daukate egunotan: gaur Arabako hiriburuan abian jarri den EGE emisio gutxiko eremua. Momentuz lehen fasean dago, abisu epean. Epealdi horrek hiru hilabete iraungo du, eta eremura sartu ezinda ere bertara sartzen diren autoen jabeek jakinarazpen bat jasoko dute. Abendutik aurrera ipiniko dituzte isunak.
Gasteiz izan da Hegoaldeko azken hiriburua EGEa martxan jartzen. Hiritarren artean zalantzak dira nagusi, eta, horiek argitze aldera, udalak bulego bat ireki du Pintore kalean —arratsaldez zabaltzen dute soilik—. Gizon bat sartu da bertara, eta zuzen-zuzenean joan zaio bertako langileari zalantzak azaltzera. Autobuseko markesina batean irakurri zuen gaur hasiko dela garraioen murriztapena, eta ez dauka argi zein den mugatutako eremua, ezta bere autoek bertara sartzerik baduten.
«Ikusi egin beharko da ea egia den auto gutxiago ibiliko direla. Hala bada, azkarrago ibiliko gara, eta bezeroari zerbitzua merkeagoa irtengo zaio»
Taxista
Bulegoko langileak eskuorri bat eman dio, eta bertan azalpen batzuk eta neurri berriak mugatzen duen eremuaren mapa bat ageri dira. Azaldu dio eremuak Alde Zaharra eta Zabalgunearen zati bat biltzen dituela: «Iparraldean Arriagako atea kaleak eta San Ignacio Loiolakoaren kaleak mugatzen dute, mendebaldean Frantzia eta Bake kaleek, hegoaldean Ortiz de Zarate, Florida eta Ramon y Cajal kaleek, eta ekialdean Zerkabarren kaleak, Louis Heintz kaletik hasita eta Jesusen Zerbitzariak kalera arte».
Bezeroak azaldu dio ez dela eremu horren barnean bizi, baina tarteka bertara sartu behar izaten duela, eta ez dakiela ea bere autoak sar daitezkeen. Bulegoko langileak matrikulak eskatu dizkio, eta gizonak bere bi autoen eta alabarenaren matrikulak zerrendatu dizkio.
Lehenengo matrikula esandakoan, langileak azaldu dio auto horrekin ez duela arazorik izango, eta gauza bera bigarrenarekin. Azken horren kasuan esan dio auto horrek B etiketa duela, eta lasai sar daitekeela eremura. Hala ere, ohar egin dio: «Auto horrekin arazoak izango dituzu 2030ean». Azkenik, hirugarrena esaten hasi da: «VI3...». Beharginak azkar esan dio ez duela zertan matrikula osoa esan, lehen bi hizkien berri izatea nahikoa dela jakiteko ez dituela eremuan sartzeko neurriak betetzen, zaharregia dela.
Ogibidearen araberako eragina
Aiztogile kalean dabil Alex, banaketa lanak egiten. Azaldu du enpresak argibide batzuk eman dizkiola gaur indarrean ipini den neurriaren inguruan, «baina azalpen handirik ez, egia esan». Bere lanari eragingo diola kontatu du, zeren banatzaileen ordutegia aldatu egin da: «Nagusiak esan dit 12:00etarako hemendik alde egin behar dudala». Hain zuzen, hemendik aurrera 08:00etatik 12:00etara bitartekoa izango baita salgaiak banatzeko ordutegia Erdi Aroko hirigunean.
«Lehen egunean bost itsasgarri saltzen genituen, eta orain, neurria indarrean ipintzera doazela, berrogei baino gehiago saltzen ditugu»
ANGELACorreoseko langilea
Araudi berriaren eragina jasango duen beste lanbide bat taxilariena da. Jesus Guridi eta Frantzia kaleen bidegurutzearen alboan taxi geltoki bat dago, eta bertako taxista batek —ez du bere izena esan nahi izan— adierazi du eurei ez dietela inolako informazio edo formakuntza berezirik eman. Hala ere, uste du neurri berriak eurei ez diela askorik eragingo, taxi gehienek 0 eta C pegatinak dituztelako; hau da, gutxien kutsatzen dutenak. Trafikoan aldaketarik espero duen galdetuta, argi esan du: «Ikusi egin beharko da ea egia den auto gutxiago ibiliko direla. Hala bada, azkarrago ibiliko gara, eta bezeroari zerbitzua merkeagoa irtengo zaio».
Ibilgailuetako itsasgarriak Correoseko bulegoetan eros daitezke. Postas kaleko Correosen egiten du lan Angelak. Hark azaldu duenez, 2020ko pandemiatik saltzen dituzte autoetarako pegatinak, baina jendea ez da asko arduratu «autobuseko markesinetan edo paneletan» kartelak ikusi dituen arte: «Lehen egunean bost itsasgarri saltzen genituen, eta orain, neurria indarrean ipintzera doazela, berrogei baino gehiago saltzen ditugu».
«Hona bai, jende asko etorri da neurri berriaren inguruko zalantzak galdetzera. Esan daiteke orokorrean ezjakintasuna nabaria dela»
GABRIELAldabe gizarte etxeko harreragilea
Itsasgarriak saltzen badituzte ere, Correoseko langileek ere ez daukate oso argi beharrezkoak ote diren. «Uste dut ez dela derrigorrezkoa autoari pegatina ipintzea», esan dio Angelak bere lankide bati. Eta halaxe da, 30 kameratik gora ipini dituzte eremuaren bueltan ibilgailuen matrikulak irakurtzeko. Informazio hori lortu ostean, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren datu basearekin kontrastatuko dute, jakiteko ea autoa bertara sar zitekeen ala ez.

Datu zehatzik ez, baina inpresio argiak
Eric Lopez Gasteizko Udaleko langileak azaldu duenez, ez dute irizpide horretarako kontsulten erregistro berezirik, eta ondorioz, ez dakite zehazki zenbat jende joan den horri buruz galdetzera. Hala ere, baieztatu du azkenaldian herritar asko hurbildu direla udalaren bulegoetara euren zalantzak argitzera. «Eremua zein den, ea euren ibilgailuei eragingo dien eta salbuespenak zein diren, horixe galdetzen digute gehienbat», esan du.
Hiriko auzoetan dauden gizarte etxeetan denetarik bizi dute. Landatxo gizarte etxeko harreragileak esplikatu du beraiek ez dituztela trafikoaren inguruko tramiteak egiten, eta, agian horrexegatik, ez direla bizilagun asko bertaratu araudi berriaren inguruan galdetzera. Aldabe gizarte etxearen kasua bestelakoa da; bertako harreragile da Gabriel: «Hona bai, jende asko etorri da neurri berriaren inguruko zalantzak galdetzera. Esan daiteke orokorrean ezjakintasuna nabaria dela. Eta etorri diren asko eremutik kanpo bizi dira; horrek asko harritu nau».