Gasteizko hamazazpi auzo elkartek bat egin dute udal gobernuak herritarren partaidetza bideak «erabat baztertu» dituela salatzeko. 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen negoziazio prozesuaren ostean etorri da auzo elkarteen salaketa. Gasteizko udaletxearen aurrean egindako agerraldi batean azaldu dutenez, urriaren 22an egindako bilera baten ostean, elkarteek «ia aho batez» ondorioztatu zuten egungo parte hartze eredua «baliogabetua» geratu del
Auzotarren proposamenak «bigarren mailan» uztea eta erantzunak «modu txarrean» ematea leporatu diote udalari elkarteek. Auzoguneak eta Elkarguneak sortu ziren jatorrizko izaerara bueltatzea exijitu dute: «Herritarrek eta gizarte erakundeek zuzenean kudeatutako guneak behar ditugu, auzotarren eskaerei eta beharrei erantzuna emateko gaitasuna dutenak».
Elkarteek sistemaren azken urteetako «gainbehera» nabarmendu dute, udalaren proposamenak «propaganda tresna» bihurtu direlako. 2023an, legealdiaren hasieran, gune bakoitzeko aurrekontuak ebazteko «auzogune bakarra» deitu zen, denbora falta eta Gizarte Kontseilua «aitzakiatzat» hartuta. «Aurrekontuan jasotako proposamen asko aurreko urteetatik zetozen arren, ez zen horien egoerari buruzko informazio zehatzik eman», adierazi dute elkarteek. 2024an berriz, deialdiak «alde bakarrekoak» izan zirela eta «prentsaurrekoen itxura» hartu zutela salatu dute. «Aurrekontuen bilera batzuetan zortzi auzogune edo gehiago izan ziren batera».
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta auzoen zinegotziaren «hausnarketa falta» ere nabarmendu dute elkarteek. 2025eko maiatzean, auzo elkarteek eta departamentuak aurrekontu parte hartzaileen «kronograma berri bat» adostu zuten Elkargunean, baina irailean zinegotziak «bertan behera» utzi zuen hartutako konpromisoa. Egoerak «hobera» egin ordez, 2026aren hasieran atzerapenak eta dirulaguntzen «kudeaketa egoki baten falta» salatu dituzte elkarteek. Erabateko «mespretxua» jaso izana leporatu diote udalari.
Oinarrizko berregituraketaren eske
Aurtengo ekainaren 10ean, elkarteetako ordezkariek salaketaren berri eman zuten Partaidetza Batzordeko herritarren txandan, oposizioko taldeen babesarekin. Auzo elkarteek adierazi dute Partaidetza Saileko zinegotziak ez zuela «inolako autokritikarik» egin. Gainera, atzerapenen nahiz parte hartzearen porrotaren erantzukizuna «elkarteei leporatu zaiela» salatu dute. «Deialdien epeak ez dira bete, aktak gaizki eta berandu egin dira, kanpoko enpresak kontratatu dira, eskatutako teknikariak ez dira agertu edota Auzoen Plana bezalako egitasmoek ez dute funtzionatu», nabarmendu dute. Elkarteek «oinarrizko berregituraketa bat» eskatu dute herritarren hitza berriro entzutera igaro dadin.
Hurrengoak dira eskaera egin duten auzo elkarteak: Erreka Txiki, Judimendikoak, Errota Zaharra, Kaleartean, Aranako, Zazpigarren Alaba-Babestu Araba, Adurtzakoak, Zabalgana Batuz, Uribe Nogales, Hegoaldekoak, Gure Auzune, Gasteiz Txiki, Ibai Lakua, Bizigarri, Salburua Burdinbide, Etxegorri eta San Martin.