Gasteizko ikastetxeetako guraso elkarteek jangelen inguruko protestei eutsiko diete

Eskola jangeletako greba atzo amaitu bazen ere, Gasteizko Eskolen Sukaldeak plataformak ez ditu bertan behera utzi deituta zeuzkan mobilizazioak, eta jantokien «eredua aldatzea» lortu arte protestan jarraituko dutela iragarri dute.

Gasteizko hamazazpi guraso elkartek iaz egindako protesta, jangela eredu duina eskatzeko. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteizko hamazazpi guraso elkartek iaz egindako protesta, jangela eredu duina eskatzeko. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko martxoaren 11
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB sindikatuak atzo iragarri zuen akordioa lortu zuela Eusko Jaurlaritzarekin, eskola publikoko jangeletako langileen greba amaitzeko. Nolanahi ere, akordio horrek ez ditu guztiak asebete, ELA sindikatuak ezadostasuna adierazi baitu. Gasteizen gaiaren harira mobilizazio ugari antolatu izan dituen plataformak ere, Gasteizko Eskolen Sukaldeak izenekoak, erabaki du deituta zeuzkan protestak mantentzea. Izan ere, plataforma osatzen duten guraso elkarteen iritziz, Eusko Jaurlaritzak eskainitako ratio hobekuntza —langile bakoitzeko 37 ikasletik 30era jaistea— ez da nahikoa, eta borrokan jarraituko dute «begirale bakoitzeko gehienez 25 haurreko» ratiora iritsi arte. Gainera, iragarri dute «egungo jangela eredua aldatzeko» eskatzen jarraituko dutela. 

Hortaz, gaurko eta biharko antolatuta zeuzkaten tupperada erako protestak bertan behera utzi badituzte ere, San Martin HLHIko hezkuntza komunitateak gaurko deitutako eltze jotzea mantendu dute. Era berean, Zabalgana HLHIn eta Mariturrin ere protesta egingo dute. Plataformak jakinarazi duenez, ikastetxe horietako azpikontratak, Eurestek, familiei esan die greba atzo bertan behera geratu zenez ez dutela izan «beharrezko menuak hornitzeko nahikoa maniobra tarterik». Ikastetxe horietako ikasleek, beraz, gaur ez dute izango dagokien otordua, eta horren aurka mobilizatuko dira guraso elkarteak. 

Familien ustez, egoera horrek «agerian uzten du ikastetxeetan bertan dauden sukaldeen garrantzia». Hain zuzen ere, hori izan da Gasteizko Eskolen Sukaldeak plataformak gehien defendatu duen aldarrikapena: jangeletako sukaldeak eskoletan egotea eta menuak bertan gertatzea, azpikontratek beste nonbait dituzten sukalde handietatik ekarri ordez. Aldaketa hori da eskatzen duten «eredu aldaketa» horren parte, eta ohartarazi dute borrokan jarraituko dutela «osasungarriagoa, justuagoa eta hezkuntza komunitateari lotuagoa izango den jantoki eredua» lortzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA