LAB sindikatuak jakinarazi duenez, aurreakordioa lortu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jangeletako langileen hitzarmen kolektiboan: «Lan, soldata eta gizarte arloko hobekuntza garrantzitsuak jasotzen ditu». LABek dauka gehiengoa (%54) negoziazio mahaian, eta CCOO eta UGT ere batu egin dira akordiora; beraz, bertan behera geratu dira sektorean biharko eta etziko deituta zeuzkaten grebak. ELArekin batera aritu dira mobilizatzen, baina sindikatu horrek iragarri du ez duela hitzarmena sinatuko.Â
Izan ere, hiru greba egunetako lehena izan dute gaur beharginek. Zerbitzua ematen duten enpresak eta langileak atzo bildu ziren azkenekoz, baina ez zuten akordiorik erdietsi. Bihar berriz batzartzea zeukaten aurreikusita, baina patronalak galdegin die bilera gaur arratsalderako aurreratzea. «Proposamen hobe bat» jasotzea espero zuten sindikatuek, atzo Eusko Jaurlaritzak egindako iragarpenaren ondotik: datorren ikasturtetik aurrera Lehen Hezkuntzan begiraleen ratioak «pixkanaka» murriztuko dituela eta Haur Hezkuntza indartuko duela adierazi zuen Hezkuntza Sailak.
Eta, azkenean, akordioa izan da gaurko bileran. LABek jakinarazi duenez, 3 urteko geletan hogei haur baino gehiago daudenean, begirale bat egongo da, eta Lehen Hezkuntzan 2027-2028ko ikasturterako ratioa 37 ikasletik 30era jaitsiko da. «Aurrerapen garrantzitsua da ikasleen arreta eta langileen lan baldintzak hobetzeko». Era berean, soldatak sukaldeko langileenekin parekatuko dituzte, eta horrek %6,5eko igoera ekarriko du, sindikatuaren arabera.
Beste zenbait puntu ere jaso dituzte akordioan, hala nola laneko arropa hobetzea, eutanasia jasoko duten senideei laguntzeko baimena izatea, LGTBI kolektiboaren aurkako jazarpenari aurre egiteko berdintasun plana garatzea eta antzinatasunari buruzko protokolo bat jasotzea hitzarmenean. 2024tik 2030era iraungo du itunak: «Sektorearen egonkortasuna bermatuko du».
ELAk ez du sinatu
ELAk, berriz, ez du akordioa sinatu, «langileek eskatutako gutxienekoak betetzen ez dituelako», ohar bidez jakinarazi duenez: «Akordioak ez du bermatzen soldata parekatzea, soldata igoerak mugatzen ditu, eta ez du KPIari buruzko erreferentziarik jasotzen». Hain justu, lansariak hezkuntzako langileekin parekatzea eta KPIaren gainetik igotzea eskatzen ari ziren beharginak. Era berean, ELAk salatu du ratioetako hobekuntzak ez diela langile guztiei eragingo, eta akordioak ez duela ezarri gutxieneko lanaldirik: «Funtsezkoa da prekaritateari aurre egiteko».