Galdaketan eta estanpazioan espezializatuta dago Gasteizko Sutoki enpresa. 1979an sortu zuten, eta baliteke denboran asko ez irautea. Izan ere, lantegia ixtea da jabeen asmoa, ekoizpena «Txinara deslokalizatzeko», enpresako hogei langileen ordezkariek gaur Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian salatu dutenez. Elkarrekin Ahal Dugu-IU batzarkide taldeak gonbidatuta egin dute agerraldi hori.
2000. urtean erosi zuen RTS taldeak Sutoki. Ibilgailuetako osagaien sektorean aritzen da RTS taldea, eta, langileek salatu dutenez, bada urtebete Sutokiko langileei lan erregulazio espedientea ezarri nahi diela, ekoizpena %75 murrizteko Gasteizko lantegian. Espediente hori «sindikatuekin akordiorik egin gabe» gauzatu dela salatu dute langileek Batzar Nagusietan. Gainera, langileen iritziz, espedientea justifikatzeko RTSk darabiltzan argudio ekonomikoek «estrategia» bat ezkutatzen dute: taldeak Txinan dituen enpresetara «deslokalizatzea» ekoizpena, eta, hala, Gasteizko lantegia «banatzaile komertzial huts» bilakatzea.
Izan ere, RTSk «etengabe eraman ditu ekoizpen lerroak» Euskal Herritik kanpora, langileen arabera, eta zuzendaritzak «uko egin dio» Gasteizko lantegiko ekoizpena berriz martxan jartzeari. Ekoizpena murriztuagatik, 2020an enpresak 420.000 piezako stocka mantentzeko biltegi bat eraiki zuen. Egun, ordea, stock horixe bera darabilte lan erregulazio espedienterako argudio gisa, 80.000 piezaraino murriztu behar dela esanez. Ohartarazi dute RTSk Mendaron (Gipuzkoa) duen plantaren etorkizuna ere «arriskuan» jartzen duela taldearen estrategia horrek.
Egoera halakoa izanik, Sutokiren bideragarritasuna bermatuko duen «plan zehatz bat» eskatu diete langileek Arabako Batzar Nagusiei. Adierazi dute ere enpresaren aurkako salaketa aurkeztu dutela. Ekainaren 22an hasiko da epaiketa, baina langileek ohartarazi dute bitartean beren «egoera ikusarazteko ekintzak» egiten jarraituko dutela. Esan dutenez, hurrengo pausoa «laster» Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordeari beren egoeraren berri ematea izango da.