Gasteizko biztanleen patrikak ez du hainbesteko dardararik egingo datorren urtean. Izan ere, Gasteizko Udalak bertan behera utzi du zergak %3,4 emendatzeko zuen asmoa, eta udal zergak bere horretan mantenduko dira, EH Bildurekin lorturiko akordioari esker. Gaur bertan iragarri du koalizio abertzaleak zergak ez igotzeko akordioa lortu dutela EAJk eta PSE-EEk osaturiko udal gobernuarekin. Udal tasak eta prezioak, ordea, ez daude akordio horren barnean, eta %3 igoko dira.
Udal gobernuaren hasierako proposamenak harrabotsa sortu zuen, zergak, tasak eta prezioak %3,4 igoko zirela iragarri baitzuen Maider Etxebarria alkate sozialistaren gobernu taldeak. Kasu batzuetan, igoera are handiagoak espero ziren, zaborren tasari dagokionez, esaterako, tasa hori %10 emendatzea proposatu baitzuen udal gobernuak. EH Bilduk, berriz, zergak bere horretan uztea eta tasak eta prezioak %2 soilik igotzea proposatu zuen. Azkenean, hiru alderdiak erdibideko akordio batera iritsi dira, zergak bere horretan utzi eta tasak eta prezioak %3 igotzeko.
EH Bilduko udal bozeramaile Rocio Viteroren ustez, akordioak «jendea babestearen eta udalaren ahalmen ekonomikoa mantentzearen arteko» oreka erdiesten du. Udal gobernuak hasieran proposaturiko igoera «gehiegizkoa» zela adierazi du koalizio abertzalearen eledunak, eta akordioa negoziatzeko orduan bere talde politikoak «erantzukizunez» jokatu duela ere esan du. Gainera, zergak ez igotzeak ez ditu udalaren baliabide ekonomikoak arriskuan jarriko; izan ere, EH Bilduren arabera, sortuko diren tasa berriek —uraren tasa, tasa turistikoa edo telefonia sareei kobratuko zaiena, kasurako— balizko galera konpentsatuko dute.Â