Gasteizko Udala ikuskizun eta ekitaldietako teknikariei zerbitzu minimoak ezartzeko eskatzea aztertzen ari da. Hala aitortu du Sonia Diaz de Corcuera Kulturako zinegotziak, gaur Gasteizen egindako prentsaurrekoan. Sektoreko langileek grebarako deia egin dute abuztuaren 5erako. Gasteizko jaietako egun handia da hori, Andre Maria Zuriaren eguna, hain zuzen, eta udala «aukera guztiak aztertzen» ari da grebak egun horretako ekitaldien martxa oztopa ez dezan.
Ikusi gehiago
Aukeretako bat Eusko Jaurlaritzari egunerako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskatzea da, Diaz de Corcuerak esan duenez. Hala ere, zinegotziak azpimarratu du ez dutela «inolaz ere» langileen grebarako eskubidea urratuko, eta enpresa bateko langile guztiak greban badaude ezingo dutela beste bat kontratatu, horrek langileen greba eskubidea zapalduko bailuke. Baikor agertu nahi izan du zinegotziak, eta adierazi du oraindik «badela denbora sindikatuak eta patronala ados jartzeko».
Alta, ez dirudi horrela izango denik, mobilizazioak babestu dituzten sindikatuek lan itunaren hitzarmena «blokeatuta» dagoela salatu baitute. Teknikariok, ELA, LAB, ESK, UGT, CCOO eta CNT dira greba bultzatzen duten sindikatuak. Gauekotasuna eta aparteko orduak ordaintzea eta lanaldien arteko atsedenaldiak baimentzea dira sindikatuen eskakizun nagusiak.Â