Ikuskizunetako teknikariek greba egun bat egingo dute Gasteizko jaietan, Donostiakoetan eta Bilbokoetan

Hitzarmena lortzeko negoziazioa oraindik «blokeatuta» dagoelako hartu dute erabakia. Hurrenez hurren, abuztuaren 5ean —Andre Mari Zuriaren egunean—, 12an eta 26an izango dira lanuzteak.

Teknikariok eta jai batzordeetako ordezkariak gaur, Bilboko Arriaga plazan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Teknikariok eta jai batzordeetako ordezkariak gaur, Bilboko Arriaga plazan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilbo
2026ko uztailaren 21a
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek iragarria zuten beste hiru greba egun egingo zituztela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetako jaietan, eta gaur zehaztu dituzte datak: Gasteizen, abuztuaren 5ean egingo dute, Andre Maria Zuriaren egunean; Donostian, abuztuaren 14an; eta Bilbon, abuztuaren 26an. Hitzarmena lortzeko negoziazioak oraindik «blokeatuta» daudelako joko dute grebara: Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuek egin dute bat deialdiarekin, eta jai batzordeetako ordezkarien babesa jaso dute. Bilboko Arriaga plazan gaur egindako agerraldi jendetsu batean eman dute erabakiaren berri, eta salatu dute EUKI Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizun eta ekitaldien sektoreko patronalaren aldetik lehengo «utzikeria» bera sentitzen dutela.

Sindikatuek bi urte daramatzate lan hitzarmena lortu nahian, baina ordutegien malgutasunari eta lan egutegia jakinarazteko epeei buruzko eztabaidak eten egin zuen negoziazioa. Horregatik, maiatzaren 15ean greba egin zuten Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Lehen aldia zen sektoreak lanuztea egiten zuena. Egun hartan, salatu zuten patronalak «blokeatuta» zeukala lan hitzarmenari buruzko negoziazioa, eta iragarri egoerak horrela jarraituz gero beste mobilizazio batzuk egingo zituztela.

Auziak berdin jarraitzen zuela ikusita, udako lau kultur programa esanguratsuri eragingo zieten beste lau etenaldi iragarri zituzten ekainaren 18an. Asmoa zuten lehen greba eguna Bilboko BBK Live jaialdian egiteko, baina azkenean deialdia bertan behera utzi zuen Teknikariok sindikatuak. Izan ere, jaialdian lan egiten duten behargin asko «autonomo faltsuak» dira, eta ez daukate greba egiteko eskubiderik. Sindikatuak salatu zuenez, egoera hori baliatzen du jaialdiak «langileen eskubideak urratzeko». Hori horrela, beste hiru greba egunei eutsiko zietela iragarri zuten, baina ez zuten datarik zehaztu: Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaietan izango zirela esan zuten, festa bakoitzean egun bat.

«Kultura ez da esplotazioaren sinonimo»

NEKANE CANTERO Teknikariok sindikatuko kidea

Gaurko agerraldian, sektoreak «aski» duela azpimarratu dute Teknikariok sindikatuko kide Nekane Canterok eta Jorge Peralesek. «Erabat kontrajarriak dira patronalaren aldetik sumatzen dugun utzikeria eta herri eragileen aldetik sentitzen dugun indarra eta batasuna», adierazi du Canterok. Eskertu du Bilboko konpartsek, Donostiako Piratek eta Gasteizko txosna batzordeko herri mugimenduetako kideek erakutsi dieten elkartasuna, EUKI enpresa elkarteak «isilik» jarraitzen duen honetan.

Canteroren arabera, «herri mugimenduetako kideek bertatik bertara ikusi dituzte sektorearen problematika eta prekaritatea». Horregatik, teknikariekin bat egin dute. Canterok esplikatu du batasun horrek erakusten duela langileen eskubideak defendatu behar direla jai «duinak» defendatzeko: «Kultura ez da esplotazioaren sinonimo».

«Gure aldarrikapenak oso oinarrizkoak dira»

JORGE PERALES Teknikariok sindikatuko kidea

Egoera lan ikuskaritzan salatu zuten, eta berriki argitaratutako txosten batzuek «arrazoia» eman diete: agirietan frogatutzat jo dute, besteak beste, ez direla betetzen lanaldien arteko atsedenaldiak, ezta lanaldien «erregistro txarra» ere, Teknikariok sindikatuko kideek xehatu dutenez. Horrela, ebazpen horiek bidea ematen dute hainbat enpresa zigortzeko. «Gustatuko litzaiguke neurriak hartzea, baina momentuz ez dute halakorik hartu», esan du Canterok.

Eskatutako lan baldintzak

«Gure aldarrikapenak oso oinarrizkoak dira», azaldu du Peralesek. Honako hauek dira eskaera nagusiak: gauekotasuna eta aparteko orduak ordaintzea eta lanaldien arteko atsedenaldiak baimentzea. Baina, horrez gain, Peralesek kontziliazioa ere nabarmendu du: hau da, lan egutegiak lehenago jakinaraztea. «Gu prest gaude jaisteko aldez aurretik abisatzeko tartea, badakigulako sektore hau nolakoa den». Baina, hala ere, uste dute proposatu dieten tartea ez dela nahikoa: izan ere, enpresek esan diete bost egun baino lehenago ezin dietela eman behin betiko ordutegia. Hori ikusirik, Peralesek jakinarazi du kontziliaziorako «onartezina» dela, eta ez dutela horrelako baldintzak dituen hitzarmenik sinatuko.

Sindikatuaren arabera, EUKIk ez du negoziazioa berriro martxan jartzeko egunik. Eta, beraz, ohartarazi dute borrokan jarraituko dutela harik eta enpresen aldetik «zentzutasuna» egon arte, eta langileei baldintza duinak bermatzeko elkarrizketei berriro ekitea erabakitzen duten arte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA