Gasteizko Udala ikuskizunetako teknikariei zerbitzu minimoak ezartzeko eskatzea aztertzen ari da

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba eguna deitu dute abuztuaren 5erako Gasteizen. Andre Maria Zuriaren jaietako egun handia da hori, eta udalak kosta ala kosta ekidin nahi du eguneko ikuskizunak bertan behera geratzea.

Teknikariok eta jai batzordeetako ordezkariak, Bilboko Arriaga plazan, jaietako greba egunak iragartzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Teknikariok eta jai batzordeetako ordezkariak, Bilboko Arriaga plazan, jaietako greba egunak iragartzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko uztailaren 30a
14:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udala ikuskizun eta ekitaldietako teknikariei zerbitzu minimoak ezartzeko eskatzea aztertzen ari da. Hala aitortu du Sonia Diaz de Corcuera Kulturako zinegotziak, gaur Gasteizen egindako prentsaurrekoak. Sektoreko langileek grebarako deia egin dute abuztuaren 5ean. Gasteizko jaietako egun handia da hori, Andre Maria Zuriaren eguna, hain zuzen, eta udala «aukera guztiak aztertzen» ari da grebak egun horretako ekitaldien martxa oztopa ez dezan.

Aukeren artean, Eusko Jaurlaritzari egunerako zerbitzu minimoak ezartzeko eskatzea dago, Diaz de Corcuerak esan duenez. Hala ere, zinegotziak azpimarratu du ez dutela «inolaz ere» langileen grebarako eskubidea urratuko, eta, enpresa bateko langile guztiak greban badaude, ezingo dutela beste bat kontratatu, horrek langileen greba eskubidea zapalduko bailuke. Optimista agertu nahi izan du zinegotziak, eta adierazi du oraindik «badela denbora sindikatuak eta patronala ados jartzeko».

Alta, ez dirudi horrela izango denik, mobilizazioak babestu dituzten sindikatuek lan itunaren hitzarmena «blokeatuta» dagoela salatu baitute. Teknikariok, ELA, LAB, ESK, UGT, CCOO eta CNT dira greba bultzatzen duten sindikatuak. Gauekotasuna eta aparteko orduak ordaintzea eta lanaldien arteko atsedenaldiak baimentzea dira sindikatuen aldarrikapen nagusiak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA