Gasteizko Udalak 1,8 milioi euroko zorra erreklamatzeko epea igarotzen utzi duela ebatzi du epaileak

Zadure eraikuntza enpresari diru hori eskatzeko eskubidea preskribatu dela ebatzi du Gasteizko Instantzia Auzitegiak. EH Bilduk udal gobernuaren kudeaketa kritikatu du, eta udalak iragarri du helegitea aurkeztuko diola epaiari.

Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotzia, gaur goizean Gasteizko Udaletxean eginiko prentsaurrekoan. EH BILDU
Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotzia, gaur goizean Gasteizko Udaletxean eginiko prentsaurrekoan. EH BILDU
Aratz Aranburu
Gasteiz
2026ko azaroaren 6a
13:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak ezin izango du Zadure eraikuntza enpresari 1,8 milioi euroko zorra eskatu. Gasteizko Instantzia Auzitegiak ebatzi du udalak gainditu egin zuela diru hori erreklamatzeko legezko epea, eta preskribatuta dagoela zorra eskatzeko eskubidea. Epaileak, gainera, baztertu egin du dirua banku abalaren bidez berreskuratzeko aukera, eta epaiketako kostuak ordaintzera kondenatu du udala. EH Bilduk eman du epaiaren berri, eta udal gobernuaren kudeaketa salatu du. Maider Etxebarria alkateak, ordea, jakinarazi du udal zerbitzu juridikoek helegitea aurkeztu dutela; beraz, ebazpena ez da irmoa.

Udalaren eta Zadure enpresaren arteko prozesu judiziala 2002an hasi zen. Urte hartan, udalak lursail batzuk eman zion eraikuntza enpresari. Lursailek babes ofizialeko hemezortzi etxebizitza barne hartzen zituen, kontraprestazio batzuen truke. 2003ko abenduan, ordea, kontratua aldatu zuten, eta etxebizitzak entregatu beharrean haien balio ekonomikoa ordaintzea adostu zuten: 1.825.812,27 euro. Zadurek etxebizitzak eraiki eta esleipendunei eman zizkien, baina ez zion udalari hitzartutako dirua ordaindu. Ordainketa bermatzeko, kopuru bereko banku abal bat ere ezarri zuten. Haren bidez, enpresak bere betebeharra betetzen ez bazuen, udalak dirua berreskuratzeko bermea zuen. Baina dirua ez zen udal kutxetara iritsi, eta urteak igaro ziren erreklamaziorik egin gabe.

Udalak auzian defendatu zuen dirua bankuaren bermearen bidez berreskura zezakeela, nahiz eta Zadureri zorra zuzenean eskatzeko epea agortuta egon. Abala lehen errekerimenduko bermea zela argudiatu zuen; hau da, kontratuan ezarritako baldintzetan, bankuari zuzenean ordainketa eskatzeko aukera ematen zuela.

Epaileak, ordea, ez du argudio hori onartu. Haren iritziz, abalaren bidez ere ezin da berreskuratu erreklamazio epea agortuta duen kopurua. Bermea exekutatzeko aukera ere preskribatuta dagoela ondorioztatu du. Gainera, egoera horretan abala betearaztea «eskubide abusua» eta «aberaste bidegabea» izan zitekeela ohartarazi du. Hori dela eta, Zaduren alde egin du epaiak: zorra erreklamatzeko eskubidea preskribatuta dagoela ebatzi du, abala baliogabetzeko baimena emateko agindu du, eta udalari prozesu judizialaren kostuak ordainarazi dizkio.

EH Bilduk azalpenak eskatu ditu

Gaur goizean egin duen agerraldian, EH Bilduk eskatu dio udal gobernuari azal dezala zergatik utzi zuen hainbeste urtez dirua erreklamatu gabe. Aitziber Salazar zinegotziak espedientearen kudeaketa kritikatu du, eta gogorarazi du bi hamarkada hauetan udal arduradunek kontratuaren betetzea zaintzeko ardura izan dutela.

Salazarrek azpimarratu du udal ondarea galdu dela, eta salatu espediente deserosoak «kaxoietan ezkutatzeak» herritarren kalterako dela. «Udalean dirua sartzeari uzten dion euro bakoitzak baliabide gutxiago dakartza Gasteizko beharrei erantzuteko», adierazi du EH Bilduko zinegotziak. Hogei urte baino gehiagoz udalak ez du dirua «eraginkortasunez erreklamatu», ohartarazi du. Koalizioaren arabera, gainera, kalte ekonomikoa 3,1 milioi eurora iristen da, 2026ra eguneratutako zenbatekoa kontuan hartuta.

EH Bilduk azaroaren 18rako deitutako Ogasun Batzordean azalpen gehiago eskatuko dizkio gobernu taldeari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA