Gasteizko Udalak Alde Zaharreko bost udal etxebizitza saldu dizkio jabe partikular bati

Antepara kaleko 10. zenbakiko etxebizitzak alokairu publikotik kanpo geratu dira. Jabe berriak 364.924,08 euro ordainduko ditu, esleipen zuzenaren bitartez.

Antepara kaleko 10. zenbakian saldu berri diren etxeen ataria. GASTEIZKO UDALA
Antepara kaleko 10. zenbakian saldu berri diren etxeen ataria. GASTEIZKO UDALA
2026ko abuztuaren 18a
11:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak Alde Zaharreko Antepara kaleko 10. zenbakian dauden bost udal etxebizitza saldu dizkio jabe partikular bati, zuzeneko esleipenaren bitartez eta 364.924,08 euroren truke. Udalak gauzatutako salmenta horren bitartez, alokairu publikoko saretik kanpo geratu dira erdiguneko hainbat etxe.

«Higiezinak iazko ekainean lizitaziora atera ondoren, prozesua hutsik geratu zen urrian, interesaturiko erosleak falta zirelako», azaldu du Jon Armentia Ogasuneko zinegotziak. Oposizioko alderdiek jatorrizko lizitazioa kritikatu zuten, etxe horiek ez zirelako alokairu publikorako erabiliko. 

Zuzeneko esleipena

Horiek horrela, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratu zen bost etxeak esleitzeko eskaintza. Aurtengo urriaren 23ra arte zegoen zabalik epea, interesdunek eskaintzak aurkeztu ahal izan zitzaten hasierako lizitazioko baldintza berberetan. Maiatzean, ordea, eskakizun formal eta tekniko guztiak betetzen zituen proposamen bat jaso zen. Eskaintza aztertu eta berrikusi ondoren, udalak Antepara kaleko 10. zenbakiko bost higiezinak jabe berriari esleitzea erabaki du azkenean.

Saldutako bost higiezinen artean, 90 metro karratuko lokal bat dago beheko solairuan. Gainerako lau etxebizitzak lehenengo, bigarren eta hirugarren solairuetan banatuta daude, eta bakoitzak 53 metro karratu ditu. Ikusteko dago jabe berriak zer egingo duen etxe horiekin. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA