Olagibel kaleko ezkutu frankista erauzi ostean, ez da jada ageriko ikur frankistarik Gasteizko eraikin publikoetan —bada bat, katedral berriaren barruan, baina urteak daramatza gortina batek estalita—. Jabetza pribatuko eraikinetan dirauten ikur frankistak, ordea, beste kontu bat dira. Gasteizko Udalak 2018tik egin ditu eraikinetako bizilagunek ikur frankistak beren borondatez kentzeko saiakerak. Urte hartan, gutuna bidali zien ehundik gora eraikinetako bizilagunei, eta 59 ikur frankista kentzea lortu zuten. Aurten, berriro egingo dute saiakera, eta 38 eraikinetako auzotarrei bidaliko die udalak gutuna, fatxadatik ken ditzaten sinbolo frankistak.
Oraindik osorik dauden ikur gehienak Etxebizitza Ministerio frankistaren laguntzarekin eraikitako etxeetako plakak dira. Garai batean geziaren eta uztarriaren ikur falangistadun plakak ikustea ohikoa bazen 60ko eta 70eko hamarkadetan eraikitako Gasteizko auzoetan, gero eta urriagoak bilakatu dira horrelako plakak, baina oraindik badira batzuk, eta auzotarrek beraiek horiek kentzea lortu nahi du udalak. Maider Etxebarria alkateak jakinarazi duenez, plaka horiek erretiratzeak «ez die inolako gasturik ekarriko» bizilagunei, udalak bere gain hartuko baitu lana.