Egun hauetan, Arabako Foru Aldundiak eta Geo Araba elkarteak kartografiaren bidez Arabaren bilakaera historikoa erakusten duen erakusketa bat antolatu dute Gasteizko Probintzia Plazan. GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak salatu duenez, erakusketak «faxismoaren eta espainolismoaren gorazarrea» egiten du; izan ere, bertako panel batean Julio Ruiz de Alda pilotuaren irudia agertzen da, haren jardun politiko faxista «erabat ezkutatuta». BERRIAk gaiari buruz galdetuta, Arabako Foru Aldundiak ez du adierazpenik egin.
Arabako Foru Aldundiak Julio Ruiz Alda, Falangelaren sortzailea, zuritzen duen erakusketa bat jarri du Gasteizko Probintzia Plazan.
— Gasteizko GKS (@GKS_Gasteiz) November 1, 2025
Faxismoa borrokatu! pic.twitter.com/buQ9Wz0y1M
Julio Ruiz de Alda (1897-1936) pilotua eta militarra izan zen, eta 1933an Falange Española alderdi faxistaren sortzaileetako bat, Jose Antonio Primo de Riverarekin batera. 36ko gerraren hasieran hil zuten, eta frankismoak heroitzat hartu zuen.
GKSk salatu duenez, duela hiru aste baino gutxiago «faxista honen oinordekoak» plaza berean izan ziren «faxismoaren eta espainolismoaren gorazarre egiteko asmoz», eta, horregatik, «arduragabekeria eta memoria historikoarekiko errespetu falta handia» iruditzen zaie panel hori bertan mantentzea.
Hori ikusita, GKSk bere ekintza propioa egin du: jatorrizko panelaren gainean beste bat jarri dute, Julio Ruiz de Aldaren ibilbide politikoa eta ideologia faxista azaltzen dituen testu batekin. Aldi berean, «faxismoari lekurik ez uzteko eta fronte guztietan gorroto ideologia honi aurre egiteko» deia egin diete langileei, «memoria historikoaren eta askatasunaren defentsan».