Astearteko greba orokorrak eta gutxieneko soldata propioaren aldeko eskaerak gainerako mobilizazioak estali baditu ere, greba orokorraren biharamunean bertan, sektore askotako lan gatazkek bere horretan diraute, eta mobilizazioak ere ez dira eten. Gauzak horrela, deituta zuten greba egunari eutsi diote gaur Arabako esku hartze sozialaren sektorean. Izan ere, aurreko martxoaren 11n izandako negoziazio mahaian ez zen aurrerapenik izan, eta sindikatuek AISA patronalaren negoziatzeko «erabateko borondate falta» deitoratu zuten.
Hori dela eta, martxoaren 18rako greba eguna deitzea erabaki zuten, 17ko greba orokorraren segida gisa, patronalari lan baldintza hobeak eskatzeko. Goizeko mobilizazioetara jende ugari bildu dela ikusita, greba eguna «arrakastatsua» izan dela esan dute sindikatuek. ELA, LAB, ESK eta CCOO sindikatuak daude mobilizazioen atzean.
Goizeko bederatzietan hasi dituzte mobilizazioak langileek, Euskadiko Birgizarteratze Institutuak Gasteizen duen egoitzaren aurrean pikete informatiboa eginda. Ondoren, kontzentrazioa egin dute hamarretan, Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, txistu, lapiko eta danborren harrabotsaren artean, eta horren ostean udaletxera bidean manifestazioa egin dute.
Instituzioen «inplikazio falta» deitoratu izan dute sindikatuek, eta sektorearen egoera kaskarraren «erantzule» direla salatu dute, ezarri duten eredu «pribatizatzailea» dela eta. Langileen soldatak sektore publikokoekin parekatzea da sindikatu eta langileen eskaera nagusia. Mobilizazioak arratsaldean amaituko dira, Esku hartze sozialeko langileak gorroto diskurtsoen aurrean izeneko solasaldiarekin. Bostetan izango da solasaldi hori, Landatxo gizarte etxean.