2025ean Arabako Foru Aldundiak 1.200 adingabe artatu zituen. Adingabe gehienek jatorrizko familiekin geratzeko aukera dute, baina, batzuetan, aferaren larritasuna dela eta, aldundiak bere gain hartzen du adingabe zaurgarrienen zaintza legala, eta adingabekoen zentroetan edo horretarako prest agertu diren harrera familietan hartzen dituzte haur eta nerabe horiek. Iaz, azken aukera hori baliatuta, ehun adingabe inguru hartu zituzten harrera familietan, baina boluntario gehiagoren beharren dago aldundia. Izan ere, aurreko urtean 300 bat haur eta nerabe hartu zituzten foru erakundeen egoitzetan. Adingabeak hartzeko prest dauden familiak aurkitzeko, Etxekoa egingo zaizu etxean hartzea kanpaina abiarazi du Arabako Foru Aldundiak, etxean haurren bat hartzeko prest leudeken familiak informatzeko, pauso hori ematea erabaki dezaten.
Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak eta Rosalen Sanchez Familia Harrerako eta Adopzioko Unitateko arduradunak aurkeztu dute gaur plana jendaurrean. Alboan izan dituzte Natxo Urtaran eta Jennifer Alvarez. Harrera familia bateko aita da Natxo Urtaran; Alvarez, berriz, harreran hartutako adingabe horietako bat izan zen, eta oraindik harrera familiarekin bizi da, harrera osteko programa bati esker. Nork bere esperientzia kontatzearekin batera, azpimarratu dute harrera familia bat izatea beharrezkoa dela adingabeei «ingurune egonkor eta afektibo» baten beharra asetzeko.
Aldundiak Zortzi adingabe kanporatzeko eskatu zuen 2025ean
Gorka Urtaranek jakinarazi duenez, iaz Arabako Foru Aldundiak zortzi adingabe kanporatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari. Horietako lauren kasuan, haien jatorrizko herrietan familia eta «inguru lagungarria» zituztela argudiatuta, eta, beste lauren kasuan, «integratzeko eta arauak betetzeko borondate falta erabatekoa» zutelako.Â
Hala ere, kanporatze horietako bat bera ere ez da gauzatu, izan Espainiako Gobernua oraindik kasuak aztertzen ari delako edo, aztertzen ari ziren bitartean, adingabe horiek 18 urte bete zituztelako. Urtaranek Madrili «zoli» ibiltzeko eskatu dio, azken egoera hori berriz gertatu ez dadin, baina kanporatzeak «ezohiko» zerbait direla esan du, eta eskatu du ez erabiltzeko kasu horiek «jaurtigai» gisa edo integrazio politikak «zikintzeko».Â
90 haur familia zain
Urtaran diputatuak azaldu duenez, gaur egun Arabako Foru Aldundiaren zaintzapeko 90 adingabe inguru daude harrera familia batera sartzeko moduan. Hazialdi larrialdietako harrera zentroaren egoera deskribatu du Urtaranek horrelako familien beharra azpimarratzeko: egoera oso zaurgarrian dauden 12 urtera arteko adingabeak hartzen dituzte zentro horretan; 22 leku dituzte, eta, egun, beteta daude leku guztiak.Â
Programaren helburua da adingabe horiek hartzeko prest leudeken familiekin harremanetan jartzea eta haiek informatzea. Urtaranen hitzetan, aldundia «familien ondoan egongo da prozesu osoan, lehen harremanetik hasi eta harrerak dirauen bitartean jasotzen duten etengabeko laguntzan bukatu». Diputatuak nabarmendu du ez dituztela «familia heroikoak» bilatzen, maitasuna emateko prest dauden pertsonak baizik. Alde horretatik, azpimarratu du edozein motatako familiek edo pertsonek har dezaketela parte harrera programan: «bikoteak, bakarrik dauden pertsonak, seme-alabekin edo gabe, edozein adin eta egoera zibilekoak» izan daitezke harrera familia.
Familia harrera sustatzeko programan parte hartu nahi luketen sendiek hainbat bide dituzte aldundiarekin harremanetan jartzeko. 945 77 30 52 telefonora deituta, acogimiento@araba.eus helbide elektronikora idatzita edota etxeanhartu.eus web orrialdea bisitatuta lor daiteke informazio gehiago. Gainera, aldundiak hainbat hitzaldi egingo ditu lurraldean zehar, familiak informatzeko.Â
Informazio hitzaldiak
- Martxoak 16, 11:00. Gasteiz. Bizan zentroetako pertsonentzako informazio hitzaldia, Ignacio Aldekoa kultur etxean.Â
- Martxoak 26, 15:30. Gasteiz. Aldibereko informazio hitzaldiak Zabalgana eta Salburuko gizarte etxeetan.
- Apirilak 21, 15:15. Ribabellosa (Erriberabeitia). Informazio hitzaldia Unamunzaga Eskola HLHI ikastetxean.Â
Â