Arabako lautadaren bihotzean dago Agurain. Udalerria ez dago etxebizitzaren krisiagatik «tentsio handiko eremu» izendaturikoen zerrendan, Arabako lurraldean Gasteiz hiriburua baita kategoria horretan sartu den bakarra. Hala ere, etxebizitzaren arazoaz kezkatuta daude herritarrak, eta Aguraingo Udalak horren inguruko neurriak hartzea deliberatu du. Horietako nabarmenena, berriki herriko Kale Nagusian erositako hiru eraikin Eusko Jaurlaritzaren esku jartzea, alokairu sozialeko etxeak sortzeko.
Udalak ohar bidez azaldu duenez, atzo hartu zuten etxe horiek Jaurlaritzaren esku uzteko erabakia. Eraikinak «dagoeneko desjabetu» dira, eta Jaurlaritzaren esku geratuko dira «birgaitzeko» eta alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko, «zortzi eta hamar artean», udalaren asmoen arabera. Udal gobernuak azaldu duenez, herrian erroldaturiko 185 pertsona ari dira etxe bila, Etxebideren datuek diotenez. Haietatik %95ek alokairuko etxea nahiko lukete. «Bitartean, 167 etxebizitza hutsik daude udalerrian», deitoratu du Aguraingo Udalak.
Bestelako neurriak ere onartu ditu udalbatzak etxebizitzaren aferaren inguruan. Batetik, hirigintza araudia berrikustea onartu du, eraikinetako lokalak etxe bihurtzeko aukera zabaltzeko. Horretarako, bi baldintza bete beharko dituzte: etxebizitza babestuak izatea eta «bizigarritasun baldintza jakin batzuk» betetzea. Gainera, herrian lurren jabe diren erakundeei eskatu diete udalarekin «elkarlanean aritzeko», etxeen eskaintzak handitzeko helburuz.
Antzeko egitasmoen bidez, luze gabe 87 etxe jarri nahi ditu udalak herritarren esku. Horietako 54 Eusko Jaurlaritzarekin hitzarturiko alokairu sozialeko etxeak lirateke. EH Bilduk gobernatzen du udalean. Koalizio horrek hilabete honetan aurkeztu du hamar urteko epean etxebizitzaren krisiari aurreko egiteko plana. Tarte horretan 60.000 etxe merkaturatu nahi ditu koalizioak: horietako erdiak, hutsik dauden etxeak merkaturatuz, eta beste erdiak, berriz, etxe berriak eraikiz.
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJ eta PSE-EEk, gogor kritikatu dute EH Bilduren egitasmoa. Aurreko igandean Durangon (Bizkaia) egindako mitinean, Aitor Estebanek, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, «alferreko hitz hutsetan aritzea» leporatu zion koalizioari etxebizitzaren aferan, eta 2016tik hona etxeak egiteko «lur gutxien laga duen alderdia» izatea kritikatu zion, Gipuzkoako lurraldea adibide hartuta.