Hauteskundeak ortzimugan, EAJk moderazioa aldarrikatu du

Udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta dela eta, EAJk 2.500 lagun elkartu ditu Durangon. «Gainerako alderdien aldetik ematen ari diren zarata, lubaki politika, aldakortasuna eta inkoherentzia» baztertu dituzte jeltzaleek.

Ansola, Esteban, Pradales eta EAJko beste zenbait kide, gaur, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ansola, Esteban, Pradales eta EAJko beste zenbait kide, gaur, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko maiatzaren 24a
20:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

2027ko udal eta foru bozetara begira jarri da jada EAJ. Jeltzaleek ekitaldi jendetsua egin dute gaur Durangoko Landako gunean (Bizkaia); 2.500 lagun elkartu dituzte han, alderdiko lider nagusiak tartean, eta moderazioaren aldeko mezuak aldarrikatu dituzte Aitor Esteban presidenteak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, besteak beste.

ADI —Aurrera Diharduen Indarra— goiburupean egin dute ekitaldia, hauteskundeetarako urtebete falta dela eta. Estebanek «konforme ez geratzeko konpromisoa» hartzeko eskatu die alderdikideei, eta «etxerako egingo genukeen bezala» kudeatzeko: «Gehiegikeriarik gabe, errealitatea azalduz, jendeari argi hitz eginez». EAJren lidergoa aldarrikatu du, jeltzaleen «herri ikuspegia eta balioak», eta ez «gainerako alderdi politikoen aldetik ematen ari diren zarata, lubaki politika, aldakortasuna eta inkoherentzia».

Estebanek etxebizitzaz, segurtasunaz, osasunaz, hizkuntza eskubideez eta migrazioaz hitz egin du, eta «alferreko hitz hutsetan aritzea» egotzi dio EH Bilduri: «EAJk etxebizitza arloan abian jarri nahi dituen neurriak ez babesteaz gain, lezio emaile dator EH Bildu, nahiz eta 2016tik Gipuzkoan etxebizitzarako lurzoru gutxien laga duen alderdia den». PSE-EEri buruz, esan du profil politikoa markatu eta hedabideetan etengabe egon nahian dabiltzala, «askotan daturik gabe hitz eginez». Eta PPri leporatu dio galdurik ibiltzea eta politika lubakitik egitea.

Esteban, gaur, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Esteban, gaur, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU

Espainiara begira amaitu du jeltzaleen buruak. Esan du oso larria eta kezkagarria dela Jose Luis Rodriguez Zapateroren kontrako auzipetze autoa, eta Pedro Sanchezi ohartarazi dio arduragabekeria litzatekeela 2026tik aurrera «norabiderik, aurrekonturik, gehiengo egonkorrik eta agenda deskontrolatu eta judizializatuarekin» gobernuan jarraitzea.

Nahiz eta modan ez egon

Pradales, berriz, Madrilgo ikuskizunetik ihes egin behar dela esanez hasi da, eta, «garai nahasi eta zurrunbilotsuetan eredugarritasuna, gardentasuna eta zintzotasuna» aldarrikatu ditu: «Nahiz eta korrontearen kontra joan; nahiz eta M-30ean, Silicon Valleyn edo Pekinen modan ez egon; Euskadin iparrorratz politiko eta morala». Pradalesek hizpide izan ditu etxebizitza, euskara, ongizate emozionala bermatzea, «migrazioaren fenomenoari arreta eta erantzuna ematea» eta autogobernuaren defentsa.

Estebanekin eta Pradalesekin batera, oholtzan izan dira eta hitza hartu dute Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako EAJren buruek: Bizkai Buru Batzarreko Iñigo Ansolak, Gipuzkoa Buru Batzarreko Euge Arrizabalagak, Araba Buru Batzarreko Jone Berriozabalek eta Nafarroa Buru Batzarreko Unai Hualdek. Hauteskundeei begira jarri dira haiek ere, dituzten erronkak zerrendatu dituzte eta EAJren kudeaketa goraipatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA