Historiaren hobi komunean aztarrika

Arte Ederren Museoan plaka bat jarriko du Arabako Foru Aldundiak, eraikina esklaboen trafikoaren bidez finantzatu zela oroitzeko. Ekitaldi horren atzean, ordea, sarritan ahantzia izan den zerbait ezkutatzen da: esklabotzaren eta kolonialismoaren historia.

Contrapunto kolektibo antirrazistako kideak, Augustin-Zulueta jauregiaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Contrapunto kolektibo antirrazistako kideak, Augustin-Zulueta jauregiaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Diru beltza/ zubi urdinean./ Elvira Zuluetaren kalea,/ esklabistaren alabarena». Hori da Kutxaratxas talde gasteiztarraren Zulueta abestiaren errepika, buruan bueltaka geratzen diren horietakoa. Are, baliteke bertso horiek ezinegon txiki bat ere sortzea entzulearen gogoan. Esklabista bat, XIX. mendeko Gasteizen? Ez al zen izan Euskal Herria Europan esklabotza arbuiatu zuen herri bakarra? Euskal gizartean zabaldua egon da iritzi hori, elkarrizketaturiko adituen esanetan. Historia, ordea, ez da inoiz hain sinplea, ez baita harrian zizelkaturiko kontakizun finko bat. Antz handiagoa du etengabe norabidea aldatzen duen ispilu batekin: begiratzen dionak zer bilatzen duen, erantzunak horren arabera aldatuko ditu, eta askotariko iraganak islatu.

Batzuek oroitu nahi dutena albo batera utziko dute besteek, eta garai batean goraipatzen zutena kritikatuko dute ondorengoek. Horren erakusgarri, hasierako abestian zeharka aipatutako esklabistari laster izena jarriko diote arabar askok, Arabako Foru Aldundiak plaka bat jarriko baitu Arabako Arte Ederren Museoan, oroitzeko eraikina esklaboen salerosketatik lortutako irabazien bidez eraiki zela. Horrela lortu baitzuen eraikinaren bultzatzaile Elvira Zuluetaren aitak, Julian Zuluetak, dirutza egitea: Kuban esklaboekin trafikatzen. Nor izan zen, bada, Julian Zulueta? Zer rol izan zuen esklaboen trafikoan? Eta zergatik da oraindik hain ezezaguna Araban aski famatua den sendi baten historiaren atal hori? Galdera horien erantzunen bila, bihurgune askoko bide bati heldu beharko dio irakurleak.

Ustea, erabat ustela

Oso zabalduta egon da euskal gizartea «Europan esklabotza onartzen ez zuen gizarte bakarra» zelako ustea. Ideia hori, ordea, «erabat okerra da», EHUko historia irakasle Oscar Alvarez Gilak azaltzen duenez. Aro Modernoan, milaka esklabo eta esklabo jabe izan ziren euskal lurretan. Ez hori bakarrik, XIX. mendean, Espainiak eta Europako herrialde gehienek esklabotza abolitu ondoren, «euskaldunak eta katalanak» izan ziren, batez ere, legez kanpoko esklaboen salerosketan parte hartu zutenak. Garai hartan esklaboen trafikoa jada legez kanpokoa eta «arbuiagarria» izanagatik ere, horretan aritzen zirenek izen ona zuten sarri, eta herrikideen esker ona jasotzen zuten.

Horietako bat izan zen Julian Zulueta Amondo negoziolari eta esklabista arabarra. 1814an jaio zen, Anuntzetan (Erriberagoitia, Araba), eta Kubara joan zen 1830eko hamarkadan; aberastu egin zen han, esklaboen salerosketaren eta azukre lantegien bitartez. Nahiz eta Zulueta ezerezetik abiatutako ekintzailetzat hartu izan den, hori ez da egia, Urko Apaolaza historialariak azaltzen duenez: «Aurretik metaturiko kapital batekin hasi zituen Kubako negozioak. Izan ere, haren osaba Tiburcio Zulueta Salcedok bi azukre sail zituen irla hartan, eta afrikar esklaboak, eta Zulueta Amondok oinordekotzan hartu zituen».

Mexiko zentrala, garai bateko Araba azukre lantegia zena, Kubako Colon herrian, Matanzaseko probintzian. IRATI ANTIA
Mexiko zentrala, garai batean Alava azukre lantegia zena, Kubako Colon herrian, Matanzas probintzian. IRATI ANTIA

Ondasun horiekin, lurrak erosi zituen, eta, 1845ean, Alava izeneko azukre lantegia ireki, Matanzasen. Zuluetak azukre lantegi ugari izan zituen, horietan lehenengoa izan zen Matanzasekoa, eta guzti-guztietan aritu ziren lanean Afrikako eta Txinako esklaboak. Esklaboen trafikoa debekatuta zegoen arren, Zuluetak «Espainiako agintarien konplizitatea zuen» negozioetarako, eta Kubak Espainiaren mende jarraitzearen aldekoa zen guztiz. Kuban bertan, Alderdi Espainola izenekoa sortu zuen, independentziaren aurka egiteko, eta «euskal herritarrez osaturiko batailoiak ere antolatu zituen Hamar Urteko Gerran kubatar matxinoen kontra egiteko», Apaolazaren hitzetan.

Oinordetza polemikoa

Julian Zulueta hil zenean, 1878an, haren alabak jaso zuen haren ondasunen parte handi bat, Elvira Zuluetak. Hark probintziako ongile rola hartu zuen, eta eraikin asko finantzatu, tartean «Probintziako Etxe» izateko asmoarekin eraiki zen jauregia, gaur egun Arte Ederren Museoaren egoitza dena. Urte askoan, Augustin jauregia deitu zitzaion eraikinari, Zuluetaren senarraren, Ricardo Augustinen, abizena hartuta. Hala ere, duela urte batzuk, eta kontuan harturik eraikina gehienbat Elvira Zuluetaren ondasunekin finantzatu zela, eraikinaren izena aldatzea erabaki zuten, Augustin-Zulueta jauregia izan zedin.

Alta, aldaketa horrek indartu egin zuen aurretik zetorren polemika bat, Zuluetaren izena azaleratzeak agerikoagoa egin baitzuen eraikinak esklaboen salerosketarekin duen harremana. Julian Zuluetaren memoria ikertu duen Maxime Toutain antropologo frantsesaren hitzetan, «pertsonaia kontraesanezkoa» da Zulueta. Ikerlariak nolabaiteko «disoziazioa» atzeman du hala Euskal Herrian nola Kuban pertsonaia horren inguruan sortu diren kontakizun eta produktu kulturaletan: batetik, Zulueta «esklabista ankerra» dago, eta, bestetik, Zulueta ekintzaile eta ongilea, negozioetarako senari esker dirutza lortu eta horri esker Kuba eta Araba hobetu zituena. Kuban, lehen irudia nagusitu da; Araban, berriz, bigarrena, sarritan Zuluetaren bizitzaren alde ilunak ezkutatzeraino.

Ahaztutakoa argitara ekarri

Ezagutzen ez zuen iragan horrek inarrosi egin zuen Irati Antia artista eta argazkilaria. Ez zuen Julian Zuluetak esklabotzarekin zuen loturaren berri jakin harik eta, Kutxaratxas taldearen abestiaren harira, Zuluetak Gasteizko Santa Isabel hilerrian duen mausoleora joan zen arte. Artistari iruditu zitzaion historiaren esparru horren inguruan nabaritu zuen ezagutza falta «gai hori nahikoa landu ez den seinale» zela, eta, beraz, beharrezkotzat jo zuen artearen ikuspuntutik iragan hori berreskuratzeko ahalegina egitea. Hortik abiatuta sortu zen zen Azukre beltza sareko erakusketa.

Gaiak sortzen dizkion «zalantzak plazaratzea» izan du helburu Antiak erakusketa horretan. Historiaren atal ahaztu hori gogora ekarri du «iragan hori jendearengana hurbiltzeko», eta sortu den memoria zalantzan jartzeko. Horretarako, Zuluetaren inguruan ikertzeaz gain, Kubara bidaiatu zuen, Zuluetaren esklaboen ondorengoekin mintzatzeko. Memoriak eta arteak gizartean duten rolari buruzko hausnarketa bisual bat da emaitza: erakusketak begien aurrean jartzen dizkio ikusleari esklabotzaren iragana eta oraina, eta Antiak «ezjakintasunaren pribilegioa» deritzona hautsi. Izan ere, Euskal Herrian iragan hori ahazteko pribilegioa baldin badago ere, kubatarrek ez dute halako aukerarik, askok «iragana abizenean baitaramate».

Esklabuak lanera deitzen zituen kanpandorrea, Kuban geratzen den mota horretako azkena, Alava azukre lantegian. IRATI ANTIA
Esklaboak lanera deitzen zituen kanpandorrea, Kuban geratzen den mota horretako azkena, Alava azukre lantegian. IRATI ANTIA

Kubako ahotsak

Iragana deituran daramaten horietako bat da Eneida Villegas Zulueta, arabarraren Alava azukre lantegian lanean aritu zen esklabo baten ondorengoa. Zehaztasun lazgarriarekin kontatzen ditu Zuluetaren lantegietako lan baldintzak: «Dorreko kanpaiek 06:00etan egiten zuten lanera joateko deia, eta 20:00etan dei egiten zuen berriz, errezatu eta lotara joateko». Esklaboak «piztiak bezala» tratatzen zituzten Zuluetaren langilezainek. Zigorrak ugariak ziren. Oraindik ere lantegiaren hormetako burdinazko uztai baten atzean dagoen istorioa gogoratu du Villegasek: Ciriaco izeneko esklabo bat ihes egiten saiatu omen zen. Julian Zuluetari, ordea, «ez zion inork ihes egiten», eta, Ciriaco atzeman ostean, agindu zuen burdinazko uztai horretan hanketatik zintzilik jartzeko eta torturatzeko, guztien eskarmentu.

Eneida Villegas Zulueta, Colóneko bere etxean. IRATI ANTIA
Eneida Villegas Zulueta, Coloneko bere etxean. IRATI ANTIA

Lan itogarritik ihes egiteko, orotariko estrategiak asmatu behar izaten zituzten esklaboek. «Loaren gaitza» delakoaren istorioa kontatzen du Villegasek: halako batean, esklaboak gaitz horrekin gaixotzen hasi ziren. Bi edo hiru egun egiten zituzten konorterik gabe, ezer sentitu gabe, eta hirugarrenean piztu egiten ziren berriro. Ez zen gaixotasun bat, ordea, lantegiko yerbero edo belagilearen estrategia bat baizik: katatoniko uzten zituen droga ematen zien esklaboei, hiru egunez atseden har zezaten. Ez da harritzekoa halako muturreko konponbideetara jotzea: Alavako 130 langile txinatarretako askok beren buruaz beste egitea erabaki zuten, ematen zizkieten tratu txarrengatik.

Gauza hain latzak deskribatuagatik ere, orekatua da oso Villegasen diskurtsoa arbasoen zapaltzailea gogoratzean: Zuluetak «obra on asko» egin zituela nabarmendu du: Habanako Colon hilerria, kasurako. «Negatiboa dena ez, positiboa dena oroitu nahi dugu», dio Villegasek. Zapalkuntza eta esklaboak oroitu bai, baina samintasunik gabe, eta horixe egiten dute urtero abuztuaren 21ean, Alava sortu zeneko urteurrenean, Día del alavés ausente izenarekin bataiatu duten egunean (Falta den arabarraren eguna). Esklaboen jana bazkaldu, haien orrazkerekin desfilea egin, haien esaera zaharrak eta atsotitzak gogoratu eta abar. Oparoa da oroimenaren menua egun horretan.

Zirkuluaren itxiera

Euskal Herriko ikuspuntutik, zaila izan daiteke Zuluetari Villegasena bezain ikuspuntu onberarekin erreparatzea. Antiaren ustez, «ezinezkoa» da Zulueta gogoratzea hark esklabo tratulari gisa egin zituen «izugarrikeriak» oroitu gabe. Bat dator Apaolaza, Zuluetaren ongile eta enpresari rola eta esklabistarena «erabat lotuta» baitaude. Toutainen ustetan, berriz, gizarteak balioetsi ohi duen ondare materialaren eta sarritan ondare horrek atzean duen «iragan krudelaren» arteko talka ez da kontraesan bakana, «sistema kapitalistaren oinarrian» dagoen kontraesana baizik. 

Diskurtso kritiko horrekin bat datoz Contrapunto kolektibo antirrazistako Gladys Giraldo eta Toni Cunha. Angolar jatorrikoa da Cunha, eta ondo gogoan ditu arbasoen esklabotzaren ondorioak. Argi dauka: «Gizartean dauden ezberdintasunak eta diskriminazioak konpontzen ez diren bitartean, memoriaren ezberdintasun horiek bere horretan iraungo dute». Ikuspuntua iraultzea beharrezkotzat jo du Cunhak, «jabea» erdigunetik kendu eta «historiaren hobi komunean galdu diren milioika pertsona esklabizatu horiek» lehen lerrora ekartzea. Horretarako, urteak daramatzate bisita gidatuak egiten, Gasteizko eta Arabako historia koloniala argitara ekartzeko. Augustin-Zulueta jauregia geldialdi finkoa izan ohi da bisita horietan. 

Zuluetaren figuraren atzean, esklaboen «genozidioaren» eta «zapalkuntza kolonialaren» bitartez irabaziak atera zituen gizarte egitura osoa ezkutatzen da, Giraldok azaldu duenez. Esaterako, Zuluetaren ondorengoek finantzatu zuten Gasteizko apaiztegitik irten ziren «Afrika ebanjelizatzera joan ziren misiolariak». Zirkulua ixtearen metafora. «Historia bete-betean zuritzea» da kolonialismoaren biktima izan zirenak kontakizunetatik at uztea, Giraldoren ustez. Zapalkuntza horiek gaur egun duten eragina ahaztea ere bai. Arte Ederren Museoan egindako elkarrizketara bidean ikusi duten irudia oroitu dute Cunhak eta Giraldok: pertsona beltz bat, Zulueta jauregiaren aurrean eskean. «Hortxe ageri da zirkulua, ixten berriz ere: jaioterritik esklabo eraman genituenen ondorengoak gurera datoz, askotan gu zerbitzatzera».

Hala, iraganeko krudelkerien inguruan isilik egotea «biktimak eta haien ondorengoak iraintzea da», Giraldoren hitzetan. Elkarrizketaturiko guztiak bat datoz: plaka ipintzea pauso «egokia» da, baina asko dago oraindik egiteko. «Augustin-Zulueta jauregitik gertuko kale batek Elvira Zulueta izena du; horrela utzi behar genuke? Zer egingo dugu Santa Isabel hilerrian dagoen Zuluetaren mausoleo erraldoiarekin?». Galdera horiek planteatzen ditu Apaolazak, eta antzeko asko egiten dituzte gainerako elkarrizketatuek. Historiaren biktima anonimoek arrasto materiala baitute Euskal Herriko hirietan, eta gaur egungo euskal herritarrei dagokie erabakitzea memoria horrekin zer egin. Cunhak «onarpena eta erreparazio osoa» eskatu ditu: urrun daude oraindik, baina badirudi euskal gizartea hasia dela iragana modu kritikoagoan aztertzeko pausoak ematen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.