Ikasle mugimenduak hartu ditu Gasteizko kaleak Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurreneko goizean, garai hartako langileen borroka eta gaur egungo ikasleena «bat eta bera» direla aldarrikatzeko. Aldarriak bertsuak izanagatik, bananduta atera dira ikasleak. Izan ere, IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak 11:30ean hasi du mobilizazioa Andre Maria Zuriaren plazan. Ikama ikasle antolakundeak, berriz, 12:00etan hasi du manifestazioa Elurretan, EHUren Arabako campusean. Bi manifestazioek helmuga bera zuten: Katedral Berria. Alta, ordu ezberdinetan amaitu dira, eta ekitaldi banarekin.Â
Lehen ikasleak 11:15 aldera hasi dira Andre Maria Zuriaren plazara gerturatzen. Hasiera batean, gazteen elkarrizketak arratsaldeko ekitaldi handirako muntatze lanak egiten ari ziren beharginen hotsekin nahastu dira, baina laster gailendu dira aldarriak, San Migel elizako ordulariak 11:30 jo dituenean iritsi baitira ikastetxeetatik zetozen ikasle blokeak, «Martxoak 3, borroka ez da eten!» eta «Borroka da bide bakarra!» oihukatuz. Ikasle multzo nabarmenak hartu du plaza, bandera gorriak eta ikurrinaren bat edo beste eskuan.
«Haustura politikoa»
Horietako askok hurbil sentitzen dute Martxoaren 3ko sarraskia. «Nire aitonak San Frantzisko elizako batzarrean egon ziren, eta haien borroka aldarrikatzeko beharra sentitzen dut», esan du 18 urteko Teok, batxilergoko ikasleak. Ez du halako lotura pertsonalik haren lagun Manexek, baina behar bera sentitzen du: «Borrokan jarraitu behar da; gazteok mobilizatzea oso garrantzitsua iruditzen zait», erran du 19 urteko unibertsitateko ikasleak. Bi lagunak bat etorri dira gaurko ikasleen borroka Martxoaren 3ko langileenarekin lotzeko orduan: «Beste modu batean bada ere, bat eta bera dira». Antzeko iritzia plazaratu dute Haizeak (18 urte) eta Kirak (17 urte): gazteak «oso inplikatuta» ikusten dituzte, eta uste dute gehienek Martxoaren 3aren memoria «bere egiten dutela». Haiek bezalako ehunka gazte bildu dira plazan «ikasle borroka sozialista» aldarrikatzeko.Â
EHu-ko ikasle kontseiluak Ke poteen jaurtiketa gaitzetsi du
EHUko Ikasle Kontseiluak ere oroitu du Martxoaren 3ko sarraskia, «Poliziaren bortizkeriak» eragindako hilketek Gasteizko «historia sozial eta politikoa sakon markatu zutela» iritzita. Ikasleek nabarmendu dute zer garrantzi duen zer gertatu zen oroitzea, eta Ikasle Kontseiluak gaurko deituta zegoen etenaldi akademikoa egiteko «eskubidea» defendatu du. Hala ere, astelehenean Martxoaren 3aren aldarrien babesean ke potoak jaurti izana «gaitzetsi» du Ikasle Kontseiluak, eta azaldu ekintza horien ondorioz lau eraikin hustu zituztela eta «komunitate osoa arriskuan» jarri zutela. Gaineratu dute ekintza horiek «arreta Martxoaren 3aren esanahitik at desbidera dezaketela».Â
Ehunka ikasle horiek inguraturik, Gasteizko IASko bozeramaile Paloma Strachanek erakundeak grebara deitzeko ikusten dituen arrazoiak zerrendatu ditu. Haren hitzetan, IASk ikusten du garai hartako eta gaur egungo sistemek «antzekotasun handiak» dituztela, eta «memoria iraultzaile bat eraikitzeko» deia egin du. Martxoaren 3an hildako langileentzako omenaldirik onena «haiek hasitako borroka muturrera eramatea» da, eta alderdi eta erakunde parlamentarioekiko «haustura politikoa» defendatu du. Haien hitzetan, horretantxe dago diferentzia nagusia Ikamak deituriko greba eta haiena alderatuta: «Gure aldarriak ez dira berdinak, Martxoaren 3aren irakurketa iraultzailea proposatzen baitugu guk».
«Alderdi parlamentario» horien artean, EAJ «seinalatu» du bereziki Strachanek, IASren aurkako «kriminalizazio kanpaina» abiatu duela iritzita. Horri erantzunez, adierazi du iskanbilarik gabeko manifestazioa egingo zutela. Haren hitzak baieztatu dituzte: txapligu hotsen artean eta giro beroan irten bada ere manifestazioa, Andre Maria Zuritik Alde Zaharrerantz ez da istilurik egon, eta halaxe iritsi da Katedral Berriaren aurrera.
«Irakurketa propioa»
12:00etarako, berriz, ikasle ugarik bete dituzte Elurreta eraikinaren aurreko bi espaloiak. Euskal Herri osotik iritsi da jendea Ikamak deituriko mobilizaziora. Zizur Nagusitik (Nafarroa) etorri dira, adibidez, Irati eta Iker, 17 urtekoak biak. «Oso garrantzitsua da gazteok memoriaren alde ateratzea eta Espainiako Estatuaren zapalkuntza salatzea», esan dute. Antzeko aldarriak plazaratu ditu Garazi Ubiria Ikamako bozeramaileak: «Martxoaren 3ko aldarriek inoiz baino gaurkotasun handiagoa dute, eta, horregatik, 17an ere [greba orokorrean] mobilizatuko gara».

Dena den, IASren aldarriak entzunda, Ikamak adierazi du gertakarien «irakurketa propioa» egiten duela, eta beharrezkotzat jotzen dutela ikasleak beti «borrokaren lehen lerroan» egotea. Hitz horien oihartzuna izan dira gero, manifestazioaren azken ekitaldian, irakurri dituzten aldarriak: «Haien borroka gure garaipena izango da!». 12:30 aldera abiatu da manifestazioa Elurretatik, Katedral Berrira bidean. Han amaitu dira bi manifestazioak, bakoitza bere aldetik eta bere orduan.Â