30 pertsona inguru bildu dira «Gerrarik ez!» dioen pankarten atzean. Izen bereko plataformak deitu du protestara gaur goizerako, Eusko Legebiltzarren aurrean, AEBek eta Israelek Iranen aurka hasi duten gerra arbuiatzeko. Plataformaren arabera, Iranen aurkako erasoa «kriminala eta probokatu gabea» izan da, eta nazioarteko zuzenbidearen «urraketa larria» da.
Urtemuga sinbolikoan egin dute kontzentrazioa, gaur betetzen baitira 40 urte Espainiak NATOn sartzeari buruzko erreferenduma egin zuenetik. Sinbolismo hori aprobetxatuta, antolatzaileek nabarmendu dute Irango gerraren aurkako arbuioak NATOn jarraitzeari buruzko hausnarketara eraman behar duela, aliantza militar horren bitartez Ekialde Hurbileko gerran «militarki inplikatuta» amaitzeko arriskuan baitaude Europako herrialdeak.
Ikusi gehiago
Javier Zulaika plataformako bozeramaileak ohartarazi duenez, gerra honek «ondorio larriak izan ditzake Europako gizartearentzat», arlo ekonomikoan zein sozialean, gerra horretara tropak bidaltzeko asmotan baitabiltza NATOko hainbat herrialde, tartean, Frantzia.
Espainiako Gobernuak Iranen aurkako erasoak arbuiatu izana onetsi du, baina, Zulaikaren ustez, arbuio hori ez da «koherentea» NATOren barruan jarraitzearekin, eta horren inguruan hausnartzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, herrialdea NATOtik ateratzeko beharra azpimarratuz.