Ireki dute Arabako kontzejuetako hautagaitzak aurkezteko epea

Azaroaren 23an egingo dira Administrazio Batzarretako erregidore eta bokalen zazpigarren hauteskundeak.

Azken hauteskundeetako argazkia, 2021ekoa. BERRIA
Azken hauteskundeetako argazki bat, 2021ekoa. BERRIA
unai etxenausia
2025eko irailaren 30a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiak iragarri du irekita dagoela hautagaitzak aurkezteko epea datorren azaroaren 23an egingo diren kontzejuetako hauteskundeetarako. Guztira, 30.000 herritar inguru daude deituta botoa ematera bozetan; 1984an onartutako Foru Arauaren ondorioz, lau urtean behin egiten dira.

Hautagai zerrendak banakakoak izango dira, eta urriaren 21a baino lehen aurkeztu beharko dira Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordean. Behin onartu ondoren, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Hautagaitzarik aurkezten ez bada, bozka orria hutsik egongo da, eta hautesleek zuzenean idatziko dituzte hautagai izateko baldintzak betetzen dituzten herritarren izenak.

Bi kontzeju eredu nagusi bereizten dira. Kontzeju irekian, Auzo Batzarra, Lehendakaritza eta Administrazio Batzarra dira gobernu organo nagusiak; kontzeju itxian, berriz, ardura instituzionala Lehendakaritzak eta Administrazio Batzarrak dute. Organo horiek lehendakari batek eta gutxienez bi bokalek osatzen dituzte, nahiz eta kopurua handiagoa izan daitekeen biztanleria handiagoa denean, baina inoiz ezin du gainditu udaleko zinegotzien kopurua.

Kontzejuen jatorria XIII. mendean dago, Gobernu Onaren erabilerekin lotuta. Nahiz eta 1812an udalak sortu, kontzejuek autonomiari eta ohitura tradizionalei eutsi diete; hain zuzen, 1924tik aurrera lege babesa izan dute, eta 1984ko eta 1995eko Foru Arauek estatutu juridikoa indartu zuten. Kontzejuak nortasun juridiko propioa duten toki erakundeak dira, eta beren interesak kudeatzeko autonomia osoa dute, hala nola instalazio publikoen mantentzean, landa bideen eta mendien zaintzan, zerbitzuen antolaketan eta ondarearen administrazioan. Gaur egun, Arabako 333 kontzejuek osatzen dute herrialdeko administrazio mailarik apalena. Udalerria baino lurralde eremu txikiagoan daude, eta, Trebiñun izan ezik, gainerako sei kuadrilletako 34 udalerritan banatuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.