Azaroaren 23an izango dira Arabako kontzejuetako hauteskundeak

Datozen egunetan, bizilagunen zerrendak bidali beharko dituzte udalerriek. Zerrenda horiek bost egunez jarriko dira jendaurrean kontzejuetan, herritarrek euren datuak egiaztatzeko eta, beharrezkoa bada, erreklamazioak egiteko.

Azken hauteskundeetako argazkia, 2021ean. BERRIA
Azken hauteskundeetako argazkia, 2021ekoa. BERRIA
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko irailaren 9a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Azaroaren 23an egingo dira Arabako kontzejuetako errejidoreen eta bokalen hauteskundeak». Hala adierazi du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Foru Gobernuak gaur goizean egindako bileraren ondoren. Jada onartu dituzte boto paperak, hautetsontziak eta prozesua behar bezala gauzatzeko gainerako agiri ofizialak, «gardentasuna eta antolaketa bermatzeko».

Datozen egunetan, bizilagunen zerrendak bidali beharko dituzte udalerriek. Zerrenda horiek bost egunez jarriko dira jendaurrean kontzejuetan, herritarrek euren datuak egiazta ditzaten eta, beharrezkoa bada, erreklamazioak egiteko aukera izan dezaten.

Errolda ofizialki argitaratuta, 21 eguneko epea irekiko da hautagaitzak aurkezteko. Epe hori amaitutakoan, hauteskunde batzordeak behin betiko hautagaitzak jakinaraziko ditu, eta informazioa Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, herritar guztien eskura.

Kontzejuen garrantzia Araban

Arabako 333 kontzejuek osatzen dute herrialdeko administrazio mailarik apalena, eta udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeak dira. Trebiñu izan ezik, gainerako kuadrilletako 34 udalerritan banatuta daude. Lurralde izaera, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna dituzte, eta autonomia osoa beren eskumenen bitartez herritarren interesak kudeatzeko.

Bi kontzeju mota bereizten dira: irekiak, non bizilagun guztiak diren herriaren gobernuko kide, eta itxiak, non administrazio batzarra hautatzen den. Hauteskundeak lau urtean behin egiten dira, eta gutxienez presidente bat eta bi kide aukeratzen dituzte. Kide kopurua herritarren arabera handitzen da: 400 biztanle arte, hiru ordezkari izendatzen dira; 600 arte, lau; eta 800 arte, bost. Dena den, kontzeju batek ezin du izan dagokion udalak baino hautetsi gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.