Eusko Jaurlaritzaren Industriarako, Trantsizio Energetikorako eta Jasangarritasunerako Sailak atzo jakinarazi zuen oniritzia eman diola Zalduondoko (Araba) Katarri planta fotovoltaikoa eraikitzeari. Gaur, berriz, esan du eskualde horretan eraikitzekoak diren beste bi plantak ingurumen inpaktuari buruzko aldeko txostena jaso dutela. Horietako handienak, Asparrena izenekoak, lau megawatteko potentzia eta 6.510 eguzki plaka izango ditu. Magna FV SM enpresak bultzatu du proiektua, Asparrenean (Araba). Bigarren plantak Igorita du izena, eta  zerikusi handia du atzo onarturiko Katarri plantarekin. Izan ere, Perfect Business Location SM enpresa da bien bultzatzailea, eta antzeko ezaugarriak dituzte bi instalazioek, Igorita izenekoak 2,5 MWeko potentzia eta 5.480 eguzki plaka izango baititu, Katarri plantak bezala. Alta, Igorita planta fotovoltaikoak udalerri gehiagori eragiten die, Zalduondo, Donemiliaga eta Asparreneko lurretan (Araba) eraikiko baita.
Aipaturiko udalerri guztiak Arabako Lautadako eskualdekoak dira. Bertan kokatu dira orain arte antzeko planta fotovoltaikoen proiektuak, baina aurreikustekoa da lurralde osora zabaltzea, Solaria enpresak bultzatzen dituen hemeretzi proiektuek Eusko Jaurlaritzak gaur hasi dituen tramite administratiboak gainditzen badituzte. Solariak baditu jada hainbat proiektu eskualdean, eta, orain Industria Sailari aurkeztu dion eskaeraren arabera, Zierbena Solar izeneko proiektuaren barnean hemeretzi planta eraiki nahiko lituzke, Araba osoan sakabanatuak. Lau bloketan banatu ditu enpresak eraiki nahi dituen proiektuak: Gaubea-Kuartango blokea, Lantaron blokea, Erriberabeitia blokea eta Ipar Gasteiz blokea. Proiektuek Gaubea, Kuartango, Erriberagoitia, Iruña Oka, Armiñon, Erriberabeitia, Berantevilla, Zanbrana, Lantaron, Zigoitia, Zuia, Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia (Araba) udalerrietako lurrak hartuko lituzkete.Â
Hala ere, guztiak ez dira mota horretako proiektuen aldekoak. Solariak Gasteiz iparraldean bultzatu izan dituen proiektuak, esaterako, arbuiatu egin dituzte bertako biztanle askok, eta herritarrak Horrela Ez-Badaiotz plataforman elkartu dira energia berriztagarria ekoizteko azpiegitura horiei aurre egiteko. Onartu berri diren proiektuek ere, Asparrenak eta Igoritak, izan dute aurkakorik: lehenari 296 alegazio partikular egin zizkioten, eta Albenizko Administrazio Batzarrak eta UAGA Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkarteak ere egin zizkioten alegazioak; bigarrenari, berriz, 259 alegazio partikular egin zizkioten, «eduki berekoak». Jaurlaritzak, ordea, denak ezetsi ditu, Katarri proiektuan egin bezala, eta, hortaz, enpresa bultzatzaileei eraikitzeko baimena eskatzeko epea ireki die; hiru urte izango dituzte. Â